Onintza Enbeita.
BIRA

Markak

2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Miretsi eta egin egiten ditugu tatuajeak. Filmetako gaiztoek kartzelan egiten dituzten marrazkietatik hasi, eta besoak osorik tatuatuta dauzkaten lagunetaraino; denak dira ederrak, denek esaten dute zerbait. Izenak markatzen ditugu gorputzean, gustatzen zaizkigun abestien hitzak, pasioz bizi dugun kirol horren elementuren bat, izan genuen animaliaren baten burua, seme-alabak, gurasoak, maitaleak, kontzertuak, apustuak, garaipenak, erlijio urrun bateko hizkiak edo mantrak. Denetarik esan dezan prestatzen dugu azala, eta guri buruz hitz egiten du estaltzen gaituen zera horrek.

Baina gehienetan erabaki egin nahi izaten dugu azalak zer esan behar duen. Ez diogu bere kabuz berba egin dezan uzten. Gero eta gehiago dira azalari tximur dadin utzi nahi ez diotenak, gero eta gehiago orbainak kendu egin nahi dituztenak, gehiegi forma borobilak laukitzen saiatzen direnak. Azalak hitz egin nahi du, baina guk ez diogu zintzoa izan dadin uzten. Kontrolatu egiten dugu biltzen gaituenak ematen duen mezua. Badakigulako, askotan, kanpotik barrura erraz irakurri gaitezkeela.

Eta hor ari gara, geure buruaz geuk uste dugunaren irudiak marrazten, eta han barrutik azalak berba egiten du garenaren markak erakutsiz, eta disimulatzen saiatzen gara, eta azalak berriro berea esaten du; etengabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.