Onintza Enbeita.
BIRA

Insistentzia

2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Bertsotan ibili gara, ohi bezala. Ikusleak gazteak ziren, oso gazteak. Puntualiza dezadan: oso gazteak gure aldean. Ez dakit zenbatgarren euskal astea izan den saioa antolatzeko aitzakia, eta eskola barruan kantatu dugu. Geu sartu gara ikasleen eremuan, eta oso ondo hartu gaituzte. Saioa hasteko, ordea, argiak itzali dituzte. Txistua irentsi dugu: ehun nerabe itzalpean. Hemen edozer atera daiteke: lo egingo dute batzuek, berba besteek... askotan gertatu zaigun bezala.

Bada, ez da horrelakorik gertatu. Gure beldurren kontra, arretaz entzun gaituzte eta guk uste baino gehiago ulertu gaituzte. Ez lexikoki, kontzeptuz baino. Ofiziotan ari garela «pelea de gallos» esan du norbaitek. Pena izan da nork esan duen ikusi ezina. Kontua da motibatu egin direla. Azken puntua kantatu eta oihu egiten zuten eta isildu. Eta berriz oihu. Eta berriz isildu. Eta bertso saio arrunt batean egonda ere, zerbait berezia sortu da. Polita.

Litekeena da euskal astea hainbestegarrena izateak ekarri izana une desberdin hori. Lehenengoan ez zen enpatiarik izango akaso, baina hamarkada bi eta gero, aliantzak nabarmenak dira. Insistentziak balio du, beraz, zubiak eraikitzeko. Antolatzaileen nekeaz hitz egin dugu saio hasieran, lorpen txikiez amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.