Onintza Enbeita.
BIRA

Gorrotoa

2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Ez dut oso ondo ulertzen zer esan nahi duen gorrotoan oinarritutako feminismoaz ari den jendeak. Ez dakit zergatik leporatzen dioten feminismoari gorrotoz jokatzea. Angela Davisek esaten zuen feminismoa dela emakumeak pertsonak garela aldarrikatzen duen ideia erradikala. Ez dakit hor non dagoen gorrotoa.

Matxismoak emakumeak hiltzen ditu, bortxatu egiten ditu, umeak hiltzen ditu emakumeen zoriona izorratzearren, lanetik botatzen ditu haurdun dauden emakumeak, ez du onartzen emakumeek plaza publikoa askatasunez okupa dezaten... eta inork ez du gorrotoarekin lotzen. Tradizioaz, ohiturez, arazo mentalez, ezjakintasunaz eta halako gauzez hitz egiten digute matxismoa eta haren indarkeria zuritzeko.

Feminismoak ez du gizonik hiltzen, ez du gizonik bortxatzen, ez du gizonik lanetik kaleratzen, ez du umerik hiltzen gizonen zoriona izorratzearren, ez du espazio publikoan ari diren gizonen askatasunik mugatzen, ez du inor isilarazten... eta, hala ere, gorrotoa ikusi nahi dute feminismoan.

Historia errepasatuta, pozik egon behar lukete gizonek: mendekua eska genezakeen, eta aukera berdintasuna eskatzen dugu, eskubideak eskatzen ditugu. Eta ez, feminismoa ez da matxismoaren beste muturra, ez da gorrotoa: gure buruari zor diogun maitasuna da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.