Onintza Enbeita.
BIRA

Geografia

2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Badago jaiotzen garenetik hor dagoen geografia humano bat. Gu munduratzen garenerako hor daude gure gurasoak, gurasoen gurasoak, gurasoen gurasoen neba-arrebak, geure neba-arrebak, gurasoen neba-arrebak, gurasoen neba-arreben umeak, familia, familiaren lagunak, auzokideak... batzuei estimu gehiago hartzen diegu besteei baino, baina gehienek okupatzen dute zentimetroren bat gure bidean. Gero, norberak bete eta hustu dezake geografia hori berak irizten dionaren arabera, baina emana zaigun zatia badago. Genealogia deitu dakioke, baina niri geografia gustatzen zait.

Geografia gustatzen zait, badakidalako, mapa bat banintz, zein bihurgunetan egongo litzatekeen nire bizitzan kokatu dudan pertsona bakoitza. Badakit zein arroilatan jaso nauten zein eskuk, zein errekatan ito nahi izan nauen zein hankak, zein larretan muxu eman didaten zein ezpainek, zein aldapatan bultza egin didan zein begiradak, zein eskaileratan utzi didan deskantsu hartzen zein altzok, zein trokatan erori naizen zein bihotzi kasu egitearren. Badakit nork eta nola osatu duen ni naizen mapa hau, eta pena ematen dit geografia horretatik desagertzen den pertsona bakoitzak. Badakit bizi dudan egun bakoitzean aldatu egingo dela nire mapa, baina hutsuneek (handiek eta txikiek) beti ematen dute min.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.