Onintza Enbeita.
BIRA

Langile hilak

2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Basoko tresneriarekin istripuak izaten dituzte askok, beste batzuk altueretatik erortzen dira behar den moduko ekipamendurik ez dutelako, pisu handiko gauzak erortzen zaizkie gainera, estresak eragindako minbiziak eramaten ditu asko, lanean erabili beharreko produktuek osasuna izorratzen die hainbati... eta horrela hiltzen dira urtero milaka langile (mundu guztian). Zenbaki hutsak dira kapitalarentzat. Ez dakit zer diren gure mundua gobernatzen dutenentzat. Askotan pentsatzen dut agintariek ez dituztela langileen atzean dauden pertsonak ikusi ere egiten, haien begietan ez dela halakorik gertatzen, ez dela langilerik existitu ere egiten. Bitartean, hilean mila euro tristera ez iristeko, ordu piloa egiten du jendeak lanean gogor, inorentzat. Eta lanak duinago egiten gaituela esaten digute esaera zaharrek, eta lanik ez daukana, alferra dela iradokitzen dute esale berriek. Eta atzerritarrek kentzen digutela lana, eta atzerritarrek eramaten dutela gure dirua, eta ez dakit zenbat gezur gehiago.

Bitartean, garabiek erortzen jarraitzen dute, basoko tresneriek huts egiten dute, arnesik gabe eraikuntza lanetan dabiltzanak larri daude... langileak hilda edo hil zorian; edonon. Inork ez ditu ikusi nahi: gure mundua beste aldera begira eraikita dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.