Onintza Enbeita.
BIRA

Lasaitasuna

2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Eskolak itxi dituzte Gasteizen, eta hala ere, normaltasuna eskatzen zaigu. Ez da erraza izango halako neurrien aurrean normaltasunari eustea. Ezer gertatuko ez balitz bezala ikusten dut jendea kalean bueltaka, baina guztiok dakigu zerbait ari dela gertatzen. Herri handietako supermerkatuetan nabarmenak omen dira beldurraren ondorioak. Herri txikietako jendeak, ordea, pentsatzen du honaino ez dela koronabirusa iritsiko. Tarteka pentsamendu logikotzat hartu dut neuk ere: zuntz optikoa ez bazaigu iristen, delako birus hori zergatik helduko zaigu, bada? Izan liteke bat lurretik eta bestea airetik datozelako, baina diotenez, batetik falta zaigun adina izango dugu sobera bestetik.

Lasaitasuna balio handia da norbere egunerokotasunean, baina galdu ere erraz egiten da zenbait egoeratan. Eta nik uste dut hau izango dela bat. Inork ez daki garbi zer egin behar dugun ez kutsatzeko, kutsatzeko, eusteko, geure burua salbatzeko. Umeek erraz zabaltzen ei dute birusa, eta zaharrentzat hilgarria da; eta gauza jakina da eskolarik gabe gelditu diren umeak nork zainduko dituen. Kirol ikuskizunetako ikusleak desagertu egingo direla entzun dut, ospitaletan ebakuntza txikiak bertan behera uzten ari omen dira birusa han barruan egon daitekeelakoan. Eta guk lasaitasunez egin behar dugu eguneroko bizitza?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.