Onintza Enbeita.
BIRA

Gutuna

2020ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Bihotzeko Olentzero eta Mari Domingi: urtero idazten dizuet. Ez dizuet sekula hutsik egin. Zuek ere ez niri, egia esan. Aurten ez dakit ezer eskatzeko moduan nagoen. Aitak esan dit osasuna badugula, eta nahiko opari dela hori. Izan ere, telebistan esaten ari direnez, gutxi falta da apokalipsirako. Litekeena da txerto batek denok salbatzea, baina Ameriketako pelikuletako protagonistari baino gehiago ari zaio kostatzen iristea. Batzuetan pentsatzen dut guztiok hil baino minutu bat lehenago iritsiko dela. Bitartean, beste guztia lehen baino okerrago uzten ari dira.

Aurten ez daukat beste urte batzuetan izan dudan adinako ilusiorik, baina eskatzea libre denez, zerbait eskatu nahi dizuet. Ez dut zuei uzteko hidrogelik erosi. Hori zeuek ekarriko duzue zeuontzako. Nik zorro batzuk utzi dizkizuet neure zapata dotoreen gainean zuen izenekin. Ez ireki: Pandoraren kutxak baino eztanda handiagoa egingo dizue. Batean beldurra sartu dut, bestean antsietatea, hirugarrenean tristura eta laugarrenean inpotentzia. Aurten asko izan dugu emozio horietatik eta ez zaizkit gorputzean kabitzen honezkero. Pentsatu dut izango duzuela zuen mendi magiko horretan emozio hauek lurperatzeko lekua, eta ekarriko diguzuela ilusioa, alaitasuna eta elkar besarkatzeko lasaitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.