Onintza Enbeita.
BIRA

Zahartzaroa

2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Gutxi hitz egiten dugu zahartzaroaz; batez ere gureaz, bakoitzarenaz. Gaztaroa ehun urtera arte luzatzeko prest dagoen belaunaldia da gurea. Zenbakiak subjektiboak dira gauza batzuetarako antza, eta 80 urterekin hiltzen dena gazte hil dela iruditzen zaigu. Adin horretan, inor ez da gaztea, ordea. Behin 40 urtera iritsita, bizitzaren erdia bizi izan dugula pentsatzetik urrun, gazteak garela aldarrikatzen dugu. Badakit ez naizela zaharra, baina nirekin bertsotan egiten duten gazte askoren ama izan nintekeen bestelako bizitza bat izan banu. Haiek dira gazteak; beraz, ni heldua naiz. Ez da ezer gertatzen. Nik zaharra izatera iritsi egin nahi dut: neure azala zimur dakidan desio dut, pausoa laburtu arte hemen iraun.

Zahartzaroa tabutzat dugun belaunaldikook ez gara ohartu ez zahartzearen arriskuaz. Are gutxiago ez heltzearen gogaikarriaz. Gure gurasoak ibiltzen ziren tabernetatik alde egin genuen, eta orain geure seme-alabekin poteatu nahi dugu guraso gazteak dituztela ikus dezaten. Nola izango dituzte guraso gazteak, gu gazteak ginenean, gure gurasoek zeukaten adina dutenak? Ez diogu denborari gugandik pasatzen utzi nahi, baina ezin diogu eutsi. Denbora joan doa, errukirik gabe. Onartzeak eta eusten ez saiatzeak libreago egiten gaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.