andoni egana
HITZ ETZANAK

Ahateak

2018ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Egongelatik kalera begira nengoen. Dagoeneko eguna zenbat laburtu den eta datorren astetik aurrera ordu berean zein argitasun eskasia izango dugun ari nintzen pentsatzen. Iparraldearen orena ari zen telebistan eta ahate hitza entzun orduko eskaini nion begirada pantailari. Ez dakit zergatik. Akaso, ahatea delako animalia bat umetatik gure bizitzaren parte sentitu izan duguna. Andersenen Ahatetxo itsusia haurtzaroan; Donald ahatea nerabetan; ahatea, garai batean bezain zikin ez omen zetozen ibaien sinbolo gerora...

Krakatekoa sentitu zuten nire begiek. Iparraldeko ahots bat esatari, iparraldeko zelaiak, iparraldeko etxaldeak, iparraldeko gizon-emakume laborariak eta... polizia. Eta ez dakit zergatik pentsatzen dugun «beste aldean» dena dela bake santu. Oraintxe bertan ere erresistentzia eredu bat eskaintzen ari dira ikasi nahi duenarentzat.

Azaroaren 5ean adi egongo naiz auzia nola doan. Cathy Xabalgoiti barkoxtarra eta ELB sindikatuko Panpi Sainte-Marie ahateak hiltzea eragozteagatik epaituko dituzte. Ahate haztegien aurrean jarri eta eritasunik ez zuten ahateak ez zitzaten hil lortu zuten. Ipuin tradizionala dirudi, baina gutxi du ipuinetik. Ea kontaketa honetan behintzat «onak» irabazle suertatzen diren...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.