andoni egana
HITZ ETZANAK

Biak

2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Ondo bizi gara eta badakigu ondo bizi garela. Planetaren iparraldean jaiotzeko zortea izan genuenok —gehienok behintzat— asebeterik ditugu gure premiazko beharrak: non etzana, zer jan eta edana, non eta nora joana, non eta nola hezia, non gozatua, non denbora pasa ibilia, non informatua...

Ez gara ederki bizi eta kontziente gara. Non etzana modu onean aurkitzea gero eta zailagoa da eta estalpeari argitsu eta bero eustea zer esanik ez; janari eta edanari tentuz begiratu behar zaie egungo soldata mixerableen talaiatik; buruko auto bana edukitzea gero eta jasangaitzagoa da hainbat ikuspegitatik; ez dakigu zer egin geuk sortzen dugun zaborraz; informazioa, urriegia bezain galgarri da oparoegia...

Bi ikuspegiek dute asko egiatik. Kontraesan horretan bizi gara. Askotan datorkit gogora aspaldiko pasadizoa. Juan XXIII.a hilzorian zela, Testa kardinala joan zitzaion bisitaldia egitera. Etsipen oro uxatu nahian egin zion diosala: «Zer moduz dabil ba, nire adiskide Roncalli?». Ohetik erantzun zion honek. «Zure adiskide Roncalli erabat izorratua. Baina irratiz entzun berri dut Aita Santuaren osasun egoerak onera egin duela». Askotan ez dakigu Roncalli garen ala Aita Santu izatea egokitu zaigun. Segur aski, biak gara aldi berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.