andoni egana
HITZ ETZANAK

Gogoeta

2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Argazkilaria bidaliko ziotela agindu zioten une beretik hasi zen gogoetan. Ez zen kontu hutsala zapatu hartakoa. Non? Nola? Norekin? Kanpaina-aholkulariari dei pare bat egin zizkion, baina ez zuen erantzunik. Bazekien hamabost egunean irabaziak bakar batean gal zitzakeela, urteetan konbentzitu ez zituenak argi-izpi bakarraz beregana zitzakeen bezalaxe. Horretan zetzan, azken batean, erreflexio izendatzen zuten hura. Ongi hautatu behar zuen.

Herriko kultur etxeko liburutegiko sarrera etorri zitzaion burura. Bai, baina ez. Gutxirentzat izango zen esanahi handikoa eta askorentzat gutxikoa. Mendizale jantzita, makila bat eskuetan, azaltzea otu zitzaion gero. Ez zuen ohiko jarduera eta inpostore aurpegia antzemango zioten. Ez. Autoaren bolantean ere ez, jakinekoa baitzen Madrilerako joan-etorriak hegazkinez egiten zituztela eta han bertan taxietarako dirua izaten zutela. Mankomunitateko Industrialdeko pabiloi artean ere ez, denek baitzekiten ez zela inoiz haietako lantegi batean aritu...

Herritarrak izaki akastunak garela erabaki zuen halako batean. Zer hoberik botoak lortzeko bera ere hala azaltzea baino? Tabernan jarri zion hitzordua argazkilariari. Igande gauez bekozkoak. Astelehen iluntzerako bukatua zuen bere karrera politikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.