andoni egana
HITZ ETZANAK

Indultua

2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Gazteenak zaharrak ziren atzoko BERRIAren lehen orriko argazkian. Madrilguneko plaza ezagun batean ageri ziren, pankarta baten atzean, pentsio duinen defentsan. Haietako askok oinez egin zuten, nork bere herritik, Espainiako hiribururako bidea...

Edadetuak ageri ziren pankartari eusten, baina paisaje hartan berri kutsua zuen bakarra zahar jende hura zen. Inguruko orok usain minagoa zuen, eta garai joanetan kokatzeko gonbita egiten zigun. No-do irudi bat XXI. mendeari jada bostetik bat jan diogun arren. Batetik, Karlos III.-aren irudia, zaldian balebil bezala, baina geldi. Eta, bestetik, eraikin baten gainaldean erraldoi, Tio Peperen iragarkia. Botila gorputz, buruan kapela gorria, txaketa labur bat, besoak gerriaren alde banatan eta kitarra zintzilik. Andalusiako eguzkia botilan sartua leloa azpialdean.

1935ean ipini zuten plaza hartan Tio Pepe, Hotel Paris zeritzan eraikina burutuz. 70 tonako huskeria bat. Oso gerora, berria egiteko eraikina bota zutenean, Tio Pepe ere eraitsi egin zuten. Baina PPren udal gobernuak, Ana Botellarenak, txistea ez da txiste ere errazegia denean plaza bereko beste eraikin bat burutzeko baimena eman zion gainerako iragarkiei ez bezala. Tio Pepe indultatu eta pentsiodunei ogi-apurrik ere opa ez!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.