andoni egana
HITZ ETZANAK

Saria

2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Berak esana da: «Bertsotan asko ibiltzeko, gutxi pentsatu behar da». Eman zidan zer pentsatua. Arrazoi punttu bat bazuela erabaki nuen. Ez da astirik izaten herenegungo saioan zer ongi eta zer gaizki egin zenuen gogoetan hasteko; atzokoan zergatik huts egin zenuen eta konponbidea zein izan daitekeen pentsatzeko ere ez. Biharkoa... urruti sumatzen duzu oraindik. Aski duzu etxera onik heldu eta ohea harrapatzearekin. Pentsatzen hasteak, gainera, ez dio onik egingo etengabeko ibilian dabilenari. Duda ez da beti lagun onegia. Hobe ez pentsatu.

Berak bota du: «Nik beti defendatzen dut ibili behar dela, gutxienez, pentsatzeko moduko abiaduran: abiadura handia badaramazu, ezin duzu pentsatu. Orduan, pentsatu ezin duzun abiadura badaramazu, ez zabiltza ondo». Orain, astia eta osasuna, biak omen ditu, komeni zaion abiaduran lanean jarraitzeko. Pozten naiz adinak eskaintzen dizkigun oparietako bat horretantxe datzala jakitean. Egonarria. Tenplea. Atzerantz pozik begiratu eta aurrerantz lanean segitzeko grina eta ahalmena.

Xabier Amurizari eman diote Manuel Lekuona saria. Poza. Maisua saritzearekin ikaslea asebete egiten da. Eta ebidentzia bat: sormena bizi ardatz duenak beti aurkituko du garaian garaikoa, abiadura aproposa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.