andoni egana
HITZ ETZANAK

Hutsik

2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Urtearen azken eguna. Derrigor elkar zoriontzekoa. «Zorionak!» gora eta «zorionak!» behera, zoriona sentitu eta zorion hori azaldu beharrekoa, zer den eta zertan datzan oso ongi ez badakigu ere.

Aspaldi irakurri nuen zorionari buruzko pasarte bat iltzatuta geratu zitzaidana. Honelatsu zioen: zoriona, zoriontsu izatea, oso modan jarri zela eta joan zen pertsona bat Zorionaren kontsultara eta luzaroan egon zen itxarongelan txanda noiz iritsiko. Heldu zitzaionean, zutitu eta ustez Zoriona zegoen gelara jo zuen. Hutsik topatu zuen. Inork ez zion jaramonik egin. Zoriontsu izan gabe alde egin behar izan zuen handik. Koittadua ez zen jabetu zoriona beti Zorionaren itxarongelan egoten dela.

Albert Einsteinek ez zuen zoriona erlatibizatu. Xehetu egin zuen. Lau objektu zehatzetara ekarri. Beretzat zoriona omen zen «mahai bat, aulki bat, katilukada bat fruta eta biolin bat». Saint-Exuperyk berriz, zoriona ondorio eta sari zela irakatsi zigun, eta ez helburu. Propio bila joatea bezalakorik ez dagoela ez lortzeko, alegia. Eta beste handi batek, Xapre soinujoleak, hala aitortu zigun behin: «Zoriontsu izateko ergela izan behar bada, nik bidearen erdia baino gehiago egina zeukeat!». Zeuek erabaki zein zorion klaseri heldu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.