Putakume hitzak adiera bakarra du, baina non entzuten duzun, ez zaizu beti berdin sartuko belarrira. Hitz doakoa eta larriegia irudituko zaizu, esaterako, futbol-zelai batean entzuten baduzu. Epaileari edo aurkakoari, epaile edo aurkari izate hutsagatik, «putakume» deitzea, gehiegizkoa eta irainerako gaitasun urriaren seinale iruditzen zait. Oso maiztua dago hitz hori horrelako egoeretan, eraginkorra izan dadin. Atzo begiz ikusi nuen hitza, ordea, pankarta batean idatzirik. Eta hori ez da hain ohikoa. Ermuko kale batean zintzilikatu zuen norbaitek —ez baitzeraman sinadurarik— eta honela zioen: «Hijos de puta. Nos estáis envenenando». Euskarara neuk eta arrastaka ekarrita: «Putakumeak! Gu pozoitzen ari zarete». Ermua Zaldibartik oso gertu dagoela jakinda, ditxosozko hitza ez zitzaidan ez doakoa eta ez larriegia iruditu. Hitzen kontundentzia arma garrantzitsua da eskuetan besterik ez duenarentzat.
Eta azken detaile txiki bat. Pankartaren behealdeko eskuin ertzean, «aski da» ipintzen du. Euskaraz. Bazekien zerbait pankarta egin zuenak. Non eta Ermuan, gainera, gazteleraz jarri izan balu, «basta ya!», talde jakin baten sinadura emango zukeen. Gauzak zer diren. Akaso, talde horretakoek mesedetxo bat egin diote, nahi gabe, euskarari.