andoni egana
HITZ ETZANAK

Rimmela

2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Konspirazio teorietan itsu-itsuan sinesten dutenak badira. Txinak sortu zuela birusa propio; Trumpen asmazioa dela txinatarrei errua erantsi ahal izateko; 5G teknologiak zerikusi zuzen-zuzena duela pandemiaren hedapenean...

Egia zer den? Auskalo. Egia ederra eta maitagarria da, umeen modura. Baina gehiegi mugitzen da, haurren gisan, eta etengabeko arreta eskatzen du. Saiatu arren, ez duzu beti heziketan eta zaintzan asmatuko. Gauero lo lasai egiteko modu bakarra egia fosiltzat hartzean datza, betiberdin eta betigotor den zerbait dela pentsatzean.

Baina gero errealitatea etortzen da gauez, eta fosilari begiak pintatzen dizkio rimmelez. Gauza barregarriagorik fosil bat begiak margotuta baino! Fosil izateari uzten dio. Egizue proba. Fosiletan fosilei, esaera zaharrei, aldatu hitz bakar bat eta efektu handia lortuko duzue: «Zozoak beleari...bon bon». Edo «sosak beleari... ipurbeltz!». Gainera, edonon dira fosilak. Elizan «sinisten det, sinisten det» kantatzera behartzen baduzu bizkaitar bat, eman duzu lehen pausoa sinets ez dezan; «Josu, herria (%13,7an) zurekin» pintada egiten duenak egin ahala izango du ezabatzeko gogoa segur aski... Eta horrelaxe bizi gara. Fosiletan sinestea bide itsua eta fosilei begiak pintatzea bide antzua direla jabetuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.