andoni egana
HITZ ETZANAK

Euroa

2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Biloba behin eta berriz ahalegindu zen amonari argi azaltzen. Ez zen txantxetako kontua. Elizara joan eta poltsa iristean hiru pezeta botatzen zituen garaiko patxada beraz hiru euro botatzen hasi zela jakin zuenean piztu zitzaizkion argi gorriak. Bazekien amona ez zela lehengoa. Moneta ere ez baitzen lehengo bera, bi aldaketek sarraski handia eragin zezaketen familian.

Azaldu zion euro bakarra ehun eta hirurogei pezeta zirela. Baietz, ulertzen zuela hori. Elizan hiru euro botatzen bazituen bostehun pezeta ari zela botatzen. Eta hor galdu egiten zen. Berak ez zuela horrelako astakeriarik egiten. Elizak bazeukala lehen ere nahikoa diru berak bostehun pezeta eman gabe. Hasierara itzuli behar izaten zuen bilobak. Ea… Euro bat zela ia berrehun pezeta eta txanpona bakarrarekin joan zitekeela salda bat edo kafe bat hartzera. Are galduago amona. «Orduan pelukeriara ere bakarrarekin?», galdetuko zuen.

Jabetzen zen amona bere ezinaz. Gogaitu zen halako batean bilobaren azalpenekin. «Bale, bale. Ulertu dinat», bota zuen. «Baina… lehengoa laster jarriko diten berriz ezta?». Iruditzen zait gutariko asko halaxe gabiltzala egungo egoera berrian. Ulertu ezinda eta lehengoa laster bueltan etorriko den esperantzan. Amonajoan zen eta pezeta ez da itzuli…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.