Onintza Enbeita.
BIRA

Plateruena

2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Etapak berez itxiko balira bezala egiten diegu gauzei agur. Durangoko Plateruena kafe antzokiak ateak itxiko dituela iragarri du. Burua irudiz bete zait. Ordu batzuk egin ditugu Plateruenan: kantuan, parrandan, kontzertuak ikusten, erdibideko kafetan... eta batek beti pentsatzen du halako egitura batek izango duela eusteko giharra. Baina hemen, eusteko, giharra baino zerbait gehiago behar da, eta batzuetan, proiektuek krak egiten dute. Krak horrek jendetza harrapatu du: Plateruena Durangoko Azokan bakarrik zapaldu dutenetatik hasi eta disko guztiak han aurkeztu dituen musikariraino.

Milaka izan dira han iragan ditugun orduak; beste hainbeste bertan gertatu zaizkigun gauzak. Urrezko momentuz beteta gordeko dugu Plateruena gure memorian. Orain, ordea, pentsatzea tokatzen zaigu: zer eraiki behar dugun hura egon den leku ez-fisiko sinboliko horretan, nola eutsi eraikitzen dugunari, norentzat eraiki, zerk huts egin lezake, zer egin jendea bada huts egiten duena...

Bitartean, hiru edo lau kale beherago poteoan jarraituko du jendeak: «Sí tío, el Plateru». Gu beti ari gara berriro hasten, hazten, hausnartzen, errepikatzen. Eta besteak beti ari zaizkigu zein astunak garen esaten: hainbesterako al da taberna bat ixtea? Eta nork esan du Plateruena taberna bat baino ez dela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.