Onintza Enbeita.
BIRA

Hiesa

2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Nerabezarora salto egin genuenerako preserbatiboak jarri zizkiguten eskuetan. Bazegoen hiesa izeneko zerbait sexu harremanen bidez transmititzen zena. Hasieran homosexualen eta droga xiringa bidez kontsumitzen zutenen arazoa baino ez zela, baina laster ikasi genuen mundu guztiaren arazoa zela. Uste dut Josu Unanue izan zela ezagutu nuen lehenengo pertsona positiboa: seropositiboa esaten genuen orduan. Urte birako bizitza eman zioten duela hiru hamarkada, eta oraindik hor dabil munduaren eta Bermeoren artean bueltaka. Urteetan aurrera egin ahala, gero eta heriotza gutxiago ikusi ditugu hiesak eraginda, eta erlaxatu egin gara. Ez dizkigu ileak puntan jartzen kondoirik gabe txortan egiten duen jendearekin hitz egiteak.

Hiesaren aurkako egun honetan, COVID-19az gogoratu naiz. Iritsiko al gara maskararik gabe ikusten dugun jendea normaltasunez agurtzera? Josuk lasaitu egin ninduen azkenengoan Bermeon ikusi nuenean: «Hiesarekin bizi izan dugun guztia eta gero, ni lasai nago. Aldatu den bakarra da, orduan, ustez, batzuk ginela zaurgarriagoak besteak baino, eta orain gizarte osoa dagoela begi puntuan». Albokoa seinalatu zuen munduak orduan, bere burua seinalatzeko beharra sentitu zuen arte. Badirudi balkoira atera garenerako ahaztu egin dugula lezio hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.