andoni egana
HITZ ETZANAK

Nork

2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Eskelek, maiz, asko diote. Batzuk bereziak izaten dira. Niri, atentzioa ematen dit bizitza bat zenbateraino muga dezaketen frogatzeak. Familiakoen eskelaren ondoan, izaten baitira bestelakoak ere. Ostiraletako afaritako kuadrillak sinatuko du bat; beste bat, Basurdetako lagunek; Danborradako taldekoek beste bat. Tira... bakoitzak bere zoroa bizi izan zuen seinale.

Gogorragoa iruditzen zait eskela lanbideari lotua izatea, hildakoak aisiartea ez zuela baliatu pentsarazten baitit, lanerako baino ez zela bizi izan. Eta lanbideari ez ezik, lantokiari lotua bada—enpresaren logo eta guzti, askotan— susmo txarra hartzen diot. Badakit asmorik onenez egina izango dela, ez duela inongo propaganda helbururik, baina… Dotorezia: hildakoa eta logoa ez nahastea. Zure heriotzaren berri Arruti Tejabanak-ek, edo Duchas Argoitia-k ematea, izango da zintzoa, baina ez da munduko gauzarik estilosoena.

Pandemia hau umore beltza egiteko baliatu duenik izan da. Nafar baten eskelak hala zioen iaz: «Ipini musukoak eta gorde tarteak. Ez zaituztet hemen ikusi nahi. Besarkada beroa. (Hemen eman daiteke)». Ez dakit zer jarriko duen bere hilarrian. Umoretik tiraka, honelako zerbait ez legoke gaizki: «Jaramon egin zenidan, e? Eskertzen dizut bisita. Luze doa hau».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.