andoni egana
HITZ ETZANAK

Aldirietakoa

2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Asteazkeneko lehen orriko albisteak hunkitu egin gintuen. Ustez migrazio bidean zihoazen lau lagun aljeriar harrapatu ditu trenak Ziburun. Hiru hildako, eta bat larri zauritua. Polizia askotarikoen jazarpenak migranteak ze arrisku hartzera bultzatzen dituen begi bistan geratu da beste behin ere. Lazgarria da oso ihesean ibili beharra daukaten pertsonen atarramentua.

Kasu honetan, badira pare bat zertzelada aipagarri. Goizeko lehen trenak harrapatu zituen. Goizeko bostak, minutu bat eskas zen. Eta aldirietakoa deitzen diogu harrapatu zituen tren horri. Onar dezagun: guk, ezer gutxi dakigu Aljeriaz, hango independentzia gerraz, hango egungo egoeraz; are gutxiago dakigu aldiriez, guneko gu, beti. Arrabola zer den gazte gehienek dakite eta arrabala zer den inor gutxik; eta goizari heldu-zale denak ere oso gutxitan izango du goizeko bostetako trena hartzeko premia, bidaia bati ekiteko ez bada.

Horregatik, hunkidurak hunkidura, ukitu gaituena, albiste nagusiaren behealdean letra askoz ere txikiagoetan zetorren berri hori izan da: Gasolinaren prezioak goia jo du, Brent upela hainbeste igo gabe ere. Eta horrela bizi gara, hunkitzen gaituenaz espantuka eta ukitzen gaituena madarikatuz. Batak bestearekin zerikusirik ez balu bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.