andoni egana
HITZ ETZANAK

Pentsatzen

2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Seme-alaba, iloba eta lagunekin jolasean ari ginen, baloi baten atzetik futbolean, zelaian. Umeetako bat, bakarra, harri baten gainean eserita sumatu nuen, egonean, besoekin belaunburuak antxumatu, eta ortzi mugara begira. Joan egin nintzaion, heldu, beste haurren batekin tupustaldia izan eta kaxketaren bat harrapatzearen ondorioz bakartu ote zen sumatuta. «Mikel, etorri gurekin jolasera! Zer egiten duk hor bakar-bakarrik?». Sei urteko haurraren erantzunak niri eman zidan zer pentsatua: «Pentsatzen ari naiz».

Pentsatzea. Arretaz pentsatzea. Datuak bildu, iragazi, eta pentsatzea. Horixe baino ez da pertsona helduok jendartearekiko dugun lehen zorra.

Sei urteko ume hark, gerora, Filosofia ikasketak burutu zituen. Orain, bere adineko gehienak bezala, batetik bestera dabil irakaskuntzan ordezkapenak eginez. Filosofia eskolak eman nahiko lituzke, jakina, horretarako prestatu zen eta. Baina ez du aterabide errazik. Irakaskuntza plan berrietan Filosofia ikastorduak murriztera jo dute, Espainian bederen. Kontuak horrela, ume hark guri begira zer pentsatu zuen asmatzera ausartuko nintzateke: «Tximinotik gatoz eta... futbolera goaz». Eta horrelako esaldi borobilik ez zezakeen ez Platonek, ez San Agustinek eta ez Kantek berak ere esan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.