andoni egana
HITZ ETZANAK

Harri

2022ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Duela pare bat hilabete, hala bota zuen hedabideen aurrean: «Dagoeneko, politikarako baino, arkeologiarako nago ni». Soinean 87 urte badituela adierazteko modu bat zen. Ternezia ere sor zezakeen, esaldia bota zuena agure zintzo, apal eta langilea izan balitz. Rodolfo Martin Villa zen, ordea, inoiz errukirik izan ez zuena, errukarri azaldu nahian.

Gaur martxoak hiru dituelako etorri zaigu gogora bati baino gehiagori Martin Villa. 1976an Gasteizko eraso neurrigabeak sortu zuen sarraskiaren erantzuleetako bat izan zen; handik bi urte eta erdira, Iruñeko zezen plazako istiluen eta erailketaren arduradun nagusi. Hori baino lehen, Bartzelonako gobernadore zibil zela, ehunka bidegabekeriaren hauspo. Eta haien ondoren, argindar eta gas enpresa publikoa (Endesa) pribatizatze bidean, gidari. Delitu-delituak batzuk, delitu etikoak besteak... orain arte beti jakin izan du egindakoetatik libre geratzen. Hain zail ere ez diote jarri Espainiatik. Argentinatik estutu behar izan dute estutu dutena.

Orain, arkeologia piezatzat jo du bere burua. Harri eta zur utzi gaitu. Esamolde zaharrak inoiz baino zentzu handiagoa hartzen du, hainbeste egur banatu zuenak, harri izan nahi duela aitortu duenean. Fosila izanda ere ez da libratuko. Bi begi margotuko dizkiogu. Ez ahanzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.