Onintza Enbeita.
BIRA

Saiak eta txertoa

2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Urrutitik ikusten dituzunean, putreak ez dira itsusiak. Hurbildu ahala, ordea, aldatu egiten da sortzen diguten aldartea: usaina, buru oker hori... ez dakit zer den zehazki, baina badute saiek dotoreziaren kontrako zerbait. Basoak behar ditu: norbaitek garbitu behar du sarraskia, zabor naturala. Baina ez diogu saiaren hegaldiari begiratzen, arranoari begiratzen diogun moduan, adibidez.

Saiekin gertatzen zaiguna gertatzen zaigu beste gauza batzuekin ere. COVID-19aren kontrako txertoek, esate baterako, esperantza piztu zuten: gugandik urrun, emaitza onak ematen zituzten. Hurbildu ahala, ordea, ikusi dugu nola ari diren enpresa ekoizleak sarraski bila. Gure osasunaren izenean negozio borobila egingo dute, berriro ere. Gure beldurren atzetik dabiltza AstraZeneca, Pfizer, Moderna, Janssen eta beste hainbeste. Saiak animalia erditu berrien atzetik nola, nekatutako piztiongandik etekina atera nahi dute; ahal duten etekin guztia.

Politagoa zirudien honek guztiak etxera sartu gintuztenean. Planetak arnasa hartu zuen eta guk erritmoa jaitsi genuen. Baina saiek ez dute erritmoa aldatzen: hemen ez bada han, sarraskia aurkitzen dute, beti. Nik besoa emango diet hala eskatzen didatenean, baina eskertuko nuke zientzia eta osasuna bestela kudeatuko balituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.