Periferiak gibeleratutako aztarnak

Carlos Canovas argazkilari nafarrak 1980ko hamarkadatik hona egindako ehun irudi bildu dituzte 'Denboran' erakusketan. Maiatzaren 19ra bitarte izango da ikusgai, Bilboko Rekalde aretoan

Carlos Canovas argazkilariaren ehun argazki baino gehiago daude ikusgai BIlboko Rekalde aretoan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Horma eta hesien irudiak hartu ditu bere ibilbidearen hasieratik. 1980ko hamarkadan eta 2019an egindako argazkiek ezaugarri komun horixe dute: hormak. «Akaso, psikoanalista batengana jo beharko nuke zergatiaren bila. Nik baino hobeto ulertuko luke», irriz aitortu du Carlos Canovas argazkilariak. «Hormak interpretatzeko era asko daude, eta beste horrenbeste modu daude horiek begiratzeko. Ez digute bestaldera igarotzen uzten, eta atzean dagoena ikusten galarazten digute. Badute debeku zantzu bat. Baina, era berean, pantailak direla iruditzen zait, non jendeak eta denborak bere markak uzten dituen». Aztarna eta marka horiek harrapatu nahian aritzen da Canovas. Aldatu dela dio, baina. «Nire lan egiteko era aldatu da, eta ni neu ere asko aldatu naiz». Ibilbide hori ikus liteke Bilboko Rekalde aretoan jarri duten Denboran erakusketan: 1980ko hamarkadatik hona Canovasek ateratako ehun argazki baino gehiago biltzen ditu, eta maiatzaren 19ra bitarte izango da ikusgai.

Azken 40 urteetan ondutakosei sail kokatu dituzte, ordena kronologikoan: Harresi-hormak (1980), Harresiz kanpo (1983-1990), Vallés Oriental (1990), Itzulerarik gabeko paisaia (1993-1994), Paisaia anonimoa (1992-2005) eta Zazpigarren zerua (2007-2017). «Egin ahala, multzoetan bildu ditut beti nire argazkiak». Hiri-paisaia dute guztiek oinarrian, baina, azaldu duenez, ez du fokua edonon jartzen. «Ez zaizkit hiri erdiguneak gehiegi interesatzen. Hiriaren eta periferiaren artean dagoen hori dut gustuko; hirigunearen eta landa eremuaren arteko zirkulazio guneak. Aldakorrak diren eremuak dira; baina, aldi berean, mantendu egiten da duten esentzia hori. Hiriguneek, hazi ahala lekualdatu arren, ezaugarri berberak dituzte». Espazioen eraldaketa hori betikotzen saiatzen dela dio.

Desagertu denaren lekuko

Iruñeko bazterrak izan ziren Canovasek kamerarekin hartu zituen lehenak: Harresi-hormak eta Harresiz kanpo serietan bildu zituen irudiak, eta horiexek irekitzen dute Bizkaiko hiriburuko erakusketa ere. «Iruñea hiriko kanpoalde guztia zeharkatu, eta hango paisaien argazkiak atera nituen. Edonola ere, irudipena dut hiri gehienetako periferiak oso antzekoak direla». Iruñetik Bilbora egin zuen gerora. «Bilboko itsasadarraren inguruan zegoenari argazkiak ateratzeko bi enkargu jaso nituen. Hiriburuaren eraldaketa prozesua adostuta zegoen jada, eta desagertzeko zorian zegoen industria eremu horri argazkiak ateratzeko eskatu zidaten». 1993. eta 1994. urteetan egin zituen. «Desagertzear zen eremu baten lekukotza nahi zuten, eta horixe egin nuen». Itzulerarik gabeko paisaia izenburupean bildu zituen, gerora.

Atzerako bidaia bat proposatzen dute, nolabait, Bilboko itsasadarraren irudiek, eta hala erakusten zuten Canovasen argazkiei begira diren hiru emakume adinduek; Sestaoko (Bizkaia) Labe Garaien fabrikaren irudiari begira, inguruko industrien izenen zerrenda gogoratu nahian dabiltza. «Ikusle bakoitzak bere bizipenetatik begiratzen du», azpimarratu du Canovasek.

Zizurren (Nafarroa) bizi da argazkilaria orain, eta bizitokitik hasi eta hiru kilometroko erradio baten jiran egindako argazkiekin ondu du bere azken seriea: Zazpigarren zerua. «Hirigunearen eta landa gunearen arteko eremuak azaltzen dira lan honetan ere». Mugarria da azken multzoa. «Lehen aldiz sartu dut kolorea, eta estreinakoz erabili dut metodo digitala. Horregatik, sarritan, esaten dut lekukotza biografikoa dela Zazpigarren zerua».

Irudien aroa da gaur egungoa, argazkilariaren hitzetan; baina, hala ere, irudia berreskuratzearen beharraz aritu da. «Sarritan esaten da arrakastaren ondorioz hiltzen ari dela argazkigintza. Munduan minutuero egiten den argazki kopurua kalkulatzea ezinezkoa da. Testuinguru horretan, argazkilariok badugu zeregin bat irudiaren balioa mahai gaineratzeko eta irudiari zor zaion pausa berreskuratzeko». Geldialdia egin du berehala. «Zenbat alditan aipatu dut, jada, denborarekin zerikusia duen zerbait?». Irriz aitortu du erakusketaren izena ez diela halabeharrez aukeratu. «Denborari lotuta dago argazkigintza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.