andoni egana
HITZ ETZANAK

Argi-izpia

2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Ez du nahi datorren astelehena iristerik. Pereza sentitu du, gogorik eza. Garraio publikoa hartu beharko du berriz ere. Segurtasun neurriei men egin beharko die, eta, halere, ez da arriskutik guztiz libre sentituko. Eta lantokira iristean, azken bi hilabeteotan pilaturiko lanak han edukiko ditu zain. Goiz esnatzera eta desorduetan bazkaltzera moldatu beharko du berriz...

Ohitu egin da itxialdira. Sekula baino elikadura orekatuagoari heldu ahal izan dio; inoiz baino gorputz ariketa gehiago egin du; irakurketari grinaz heldu dio, aspaldian ez bezala; galdu-gordean zeukan arropa mordoa sailkatu eta txukundu ahal izan du; bikotekidearekin urteetan izan gabeko berriketaldiak izan ditu. —«Atzo emaztearekin hizketan aritu nintzen eta emakume atsegina dirudi», zioen hasierako meme haietako batek—; itxialdia luze baina egunak labur geratu zaizkio. Eta orain, bukatzera doanean, itxialdia bera ere labur geratu zaion irudipena dauka.

Duela hilabete batzuk, hirurogei urte bete zituenean, ez zukeen horrelakorik sumatu ere egingo. Baina orain, gutxiago mugituta gutxiago gastatzen dela jabetu da. Akaso ez lukeela lantokira itzuli beharrik bizi ahal izateko. Eta gainera, inork ez dio konturik hartuko, jende asko ibiliko baita bere burutazioen antzekoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.