andoni egana
HITZ ETZANAK

Herri-maitea

2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Berari buruz ondo esaka ariko ginen nonbait, eta adineko lagun batek bota zuen: «Bai… Oso herri-maitea da». Iltzaturik geratu zitzaidan esamoldea. Ez nintzen gai izan zehatz-mehatz zer adierazi nahi zuen erabakitzeko, berak herria oso maite zuela edo herriak bera maite zuela oso, baina batera zein bestera izan, ederra iruditu zitzaidan definizioa. Inorengatik esan daitekeenetan politenetakoa.

Herritarra dut eta Pepitaren semea zen umetan. Bertso-eskolako kide gero. Mediku ondoren. Lan profesionalari ez ezik boluntario lanari emana ezagutu izan dugu urteetan. Gainontzekooi bezala, eragin egin dio azken pandemia honen iritsierak. Lorik bildu ezineko gauak ezagutuko zituen udaberrian erietxe barruko lanarengatik. Eta gainera, barne-zalantzak, hedabideetan jokatzen zuen paperari buruzkoak. Nik, zientziari dagokionez, uste dut bi baldintza direla desiragarri: bata, gehien dakitenen eta gutxion dakigunon arteko tartea handia izan dadila. Bestea, hizkeraz, kontzeptuz, esanez… tarte hori laburtzen ahaleginduko den jende iaioa eskura izatea.

Horretan aritzen da Felix Zubia —Arantza Artza lagun duela— Euskadi Irratian. Rikardo Arregi saria eskuratu berri dute. Ez dio sariak Felixi izaera aldaraziko. Herri-maitea izaten segituko du…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.