andoni egana
HITZ ETZANAK

Jeinuak

2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Galtxagorriak badira nor gure mitologian. Euskal Herri osoan gainera. Usterik hedatuenean, jeinu txiki batzuk dira, nagusiak orratz-kaxa batean gorde ohi dituenak. Kaxa zabaltzearekin, nagusiaren buruaren jiran bueltaka hasten dira, nagusiak zer aginduko, huraxe egiteko prest. Nagusiaren agindua betetzean, itzuli eta berriz hasiko dira demandan, pelmatxo: «Eta orain zer? Eta orain zer?.

Galtxagorriak ikustera ohituak gaude gu, Zarautzen, Euskal Jai egunean burutzen den herri-antzerkian pertsonaia ezinbestekoak izan baitira urte eta urteetan. Horregatik, hezur-mamizko galtxagorriak ikusten ohitua nagoelako, sekulako sustoa hartu nuen osteguneko BERRIAren lehen orriko argazkia begiz jotzean: «Zer egiten du galtxagorri batek Kapitolioan?». Esku-bozgorailua eta izardun banderarengatik izan ez balitz, galtxagorri erabatekoa zirudien Trumpen jarraitzaile sutsuenak…

Nagusiak agindua egiten iaioak dira galtxagorriak. Bizkaia aldean kontatzen da, ordea, galtxagorriek esana bete behin, beste behin ere agindua egin, eta hirugarren aldian nagusiak galbahe batean ura ekartzera bidali zituela. Ezin izan zioten, jakina, nagusiari galbahean urik ekarri. Agindua bete ezinaren minez, etsia hartuta, erretiratu egin omen ziren. Ea egia den…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.