Onintza Enbeita.
BIRA

Boto prestatuak

2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Bolada baterako libratu gara hauteskundeez, programaz, boto eskatzeez eta ez dakit zenbat gauzaz. Bolada luze baterako erabakita gelditu da gure herriaren mapa politikoa. Ez dago nobedade handirik, egia esan. Duela lau urte olatua zena orain katxopa ere ez da. Beste guztia, betiko antzera. Bakoitzak bere ondorioak aterako ditu eta ez dago galdu duen alderdirik. Batek edo bestek autokritika hitza aipatu dute, baina galtzailerik ez dago.

Gaur gure aitona zenaz gogoratu naiz, berriro. Deskonfiantza handiz bizi izan zituen demokratikoak deitzen zaien hauteskundeak. Mesfidantza handiz begiratzen zuen berak hain bere sentitzen zuen alderdira. Susmoa zeukan gerran kontra izan zituenak orain alboan zituela. Zerbaiten usaina hartzen zion bat-batean frankista izandakoak desagertzeari. Ez zien antz onik hartzen, altxamenduaren alde egon ondoren, abertzale bihurtu zirenei, eta ezin zuen ulertu nola bere alderdikideak ez ziren horrekin larritzen.

Eta orain ere ez dakit, bada, orduko faxisten ilobek botoak ez ote dituzten prestatu Euskal Herriak aurrera egin ez dezan. Susmoa baino ez da oraindik: hobeto eta zehatzago egin behar ditut zenbakiak. Baina badakizue, historia errepikatu egiten da, eta ni aitonaren zureko ezpala naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.