Onintza Enbeita.
BIRA

Bat gehiago

2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Esaten duzuna esaten duzula beti zu baino bat gehiago esan dezakeen jendeak sutan jartzen nau. Gerran geundenean, beti botatzen zuten besteok baino harri bat gehiago. Bakea iritsi omen zenean, aldiz, besteok baino motibo bat gehiago daukate gerraren kontra egiteko. Pandemia garaia hasi zenean, publikoki kontatu ziguten nola besteok baino ordubete gehiago egiten zuten etxean; egunero ogia erosteko beharrik gabe. Gero, balkoietako txibatoen kontra guztiok batera baino gurutzada gogorragoa egin zuten. Polimaitasuna zer zen ez genekienean, besteok baino urte bat gehiago egiteko gai ziren betiko bikotearekin, baina orain, goizetik gauera, guztiok batera baino amorante bat gehiago zenbatu dezakete euren izaretan. Irakaskuntza sistemarekiko inor baino kritikoagoak izan dira euren denbora guztian. Orain, ordea, txalorik jo gabe ezin dutenez geratu, besteok baino bat gehiago jotzen diote euren umeen irakasleari.

Ez, ni ez naiz besteak baino koherenteagoa. Inork baino kontraesan gehiago ikusten dizkiot neure buruari orain dela hamar urte izan zenarekin alderatzen dudanean. Baina umiltasuna gauza ederra da. Beldurrak eta zalantzak ditugunok ere molatzen dugu. Gehiegizko segurtasuna segurtasunik eza bezain susmagarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.