andoni egana
HITZ ETZANAK

Bilera

2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Euskal Herrian behintzat, igande eguarteek lortu dute iraultza sozialistek baino berdintasun handiagoa. Oso antzeko tankera izango dute igande eguarteetan. Bata oinez irudikatzen dut, kirol arropa arruntak soinean, pasiran. Bestea berriz pasiran, baina bizikletan, eta soinean lehengoaren kirol arropa berdintsuak. Elkar molestatu dute batak bestea pasatu duenean. Biak dira, ustez, arrazoiaren jabe. Bizikletan doanak oinezkoa mantsoegi doala pentsatu du. Oinezkoak bizikletakoak bidegorritzat jotzen duela bidegorri ez dena ere.

Igande eguarteak berdintzen ditu. Besterik da, ordea, astean zehar. Eta atzo astelehena zen. Lehendakaritzan topo egitekoak ziren alkondararen mahukak ukondoetaraino igota bata eta ahotsa lurpetik behera jaitsia bestea. Pablo Iglesias eta Iñigo Urkullu. Aidean jiraka batak bestearengatik bota zuen esaldi hura: «78ko erregimenetik hona ongien eutsi diotenak, Monarkia, Armada eta PNV dira». Orain, Espainiako Gobernu berriaren aurrekontuak aurrera ateratzeko garaian sostengu izan dadin eskatuko dio...

Oinezkoak «imbécil» deitu dio bizikletakoari ika-mikan hasi direnean. Irain itxura du, baina hitzaren errora jota, ez du esan nahi «makulurik gabea» baino. Euskarririk ez duena, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.