andoni egana
HITZ ETZANAK

Beldurra

2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Bat-batean Queequeg etorri zitzaidan gogora, Moby Dick eleberriko pertsonajeetako bat. Itsaso Bareko irla bakarti bateko buruzagiaren seme, besteak ez bezalakoa zen itxuraz eta izatez. Kanibala, berak aitortzen du bizitzan izandako sabeleko ondoez bakarra borrokan hildako berrogeita hamar pertsona jan ondoren izan zuela. Kanibal izaerak baino gehiago bereizten zuen, ordea, bere itxura fisikoak. Tatuajez estaliak zituen gorputz-buruak, eta beldurra ematen zion Ismael narratzaile gazteari ere, topo egin ondorengo egun haietan.

Oso ume nintzela irakurri nuen Herman Melvilleren eleberria. Gogoan dut oraindik liburuaren azala, urdin argi eta hori, Ahab kapitaina zutik ontziaren brankan. Ez nuen beldurrik sentitu Queequeg irudikatzean. Filmeen bidez ikusi ahal izan nuenerako, berriz, koxkortuagoa nintzen, gizonegia beldurrari zirrikiturik uzteko ere.

Albiste izan berri da Sylvain Helaine irakaslea, Parisko haurtzaindegi batetik kaleratu dutelako. Gorputza arras tatuatua, haurrak beldurtu egiten zituela arrazoitu dute guraso kexatiek, haurrak baino beldurtuago. «Liburu baten ontasuna ez dela azalarengatik neurtzen ikasi badute, konforme ni» bota du irakasle kanporatuak. Niri biak gustatu zitzaizkidan bere garaian: azala eta liburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.