andoni egana
HITZ ETZANAK

Testuingurua

2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Testuinguru zabalagoan. Testuinguru historikoan. Dagokion testuinguruan. Bere testuinguruan. Horietakoren bat esanez gero, beti zurituko duzu zeure burua. Ez zaituzte hain erraz harrapatuko.

Testuingurua merienda orduan etxera datorren urrutiko izeba monjaren antzekoa da. Ez da inoiz bakarrik etorriko. Testuingurua aitzakia ezin hobea da sekula testu bat eskuetan hartu ez duen futbolariak bere kirten-esana zuritu dezan. Testuingurua behe laino ezin egokiagoa da galdu den mendizale ausartegi edo baldarregiarentzat. Testuingurua beti aintzat hartu beharreko zerbait da, beti han dagoen baina ikusten ez den zer edo zer. Espiritu Santua da testuingurua.

Aitari inoiz erantzun ez niona erantzun nion atzo. Itsuskeria bat. «Bota dik galanta zera delako horrek —ez zuen izenik asmatzen—… Jaularitzako Kultura-buruak!» esan zidan. Segituan sumatu nuen Bingen Zupiriak El Diario Vasco egunkariari emandako elkarrizketaren titulua irakurri zuela. Atentzioa eman zion, nonbait, pandemia garaiotan kulturak ez duela tratamendu berezirik —edo bereziturik— behar irakurtzeak. Eta orduan deskubritu nuen neure burua aita bati inoiz esan behar ez genizkiokeen hitzak esaten: «Ze testuingurutan esan dituen aintzat hartu beharko da…». Lelotu egin nau pandemiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.