Albistea entzun

Mendi ibilbidea

Xalbadorren larretan

Aldude haraneko biztanleak lurrari oso atxikita bizi izan dira betidanik. Artzain tradizioa oso erroturik baitago.
Aldudeko haranaren ikuspegi osoa Isterbegiko tontorretik.
Aldudeko haranaren ikuspegi osoa Isterbegiko tontorretik. MIKEL ARRIZABALAGA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Arrizabalaga -

2021eko maiatzak 4

Hiru dira Aldudeko harana osatzen duten herriak: Banka, Aldude eta Urepele. Nafarroa Behereko mendien artean dago, eta hango biztanleak lurrari oso atxikita bizi dira. Artzain tradizioa oso erroturik dago. XVII. mendean populatu zuten inguru honetan, badira lekuko desberdinak antzina paraje hauetan gizakia bizi zela. Hor ditugu, esaterako, inguruko mendietan aurkituko ditugun megalito ugariak; eta, horiekin batera, erromatarrek Bankan ustiatutako meatzeak. Inguru bukoliko hauetan badira hainbat ibilbide eder. Baina guk Urepeletik Isterbegira igotzen dena aukeratu dugu. Bertatik Aldude haraneko eta hura inguratzen duten mendien ikuspegi paregabea dago.

Urepeleko plazatik, frontoiaren ondotik, abiatuko gara; gure ezkerrera Xalbador bertsolariaren omenez jarritako plaka utzita. Herritik, erreka zeharkatzen duen bidea hartuko dugu, eta 400 bat metro bertatik bete eta gero, ezkerretik asfaltatutako bidea hartuko dugu, maldan gora erraz garaiera irabaziz. Aurrera eginez, berehala, gure eskuinera Xalbadorrenea baserria ikusiko dugu, bertsolari ezagunaren jaiotetxea. Xabier Letek, Urepeleko artzaina kanta ezagunean, oso ondo irudikatu zuen Fernando Aire Xalbador bertsolaria. Aldude haraneko Urepele herrian jaio zen, 1920an, eta 1976an hil zen, bere omenaldi egunean, bihotzekoak jota. Bertsolari liriko eta poetikoa; bere bizitzari, familiari, baserriari, fedeari eta naturari buruz kantatu zuen. Hizkuntza galtzeari buruz eta Ipar Euskal Herriaren kontzientziarik ezaz moldatu zituen bertsoak, hunkigarriak izateaz gainera, gogorrak eta zorrotzak dira oso. Ezin bertzean (1969) eta Odolaren mintzoa (1976) eman zituen argitara. Bertsolari apala, leku guztietan maitatua izan zen. 1977an euskaltzain ohorezko izendatu zuten.

Gure ibilbidearekin jarraituz, aldapa bizi batek altuera hartzen lagunduko digu, eta errepidearen ondoan dagoen metalezko hesi baten ondora iristean, hura utzi, eta ezkerretik, garo artean ateratzen den lurrezko bide zabala hartuko dugu. Garo lekuak atzean utzita, goi lautada txiki batera helduko gara, Patarramunhoko tontorretik gertu. Pista batek berehala Korrotako lepoan utziko gaitu, Isterbegira igotzeko azken malda pikoaren oinean.

Borda berrituaren ondotik igaro eta berehala, malda pikoari ekingo diogu. Ez dago xenda nabarmenik, beraz sigi-sagan erraz iritsiko gara mugarri bat duen Isterbegiko tontorrera. Mendi honek inguru osoaren ikuspegi paregabea du. Alde batetik, Aldudeko harana osorik ikus daiteke, soilik Banka geratuko zaigu ikustezin. Bestela, Urepele eta Aldude herriak, Esnazu auzoa eta hamaika baserri eta borda mendien magaletan barreiaturik. Inguruko mendiek ere gure arreta erakarriko dute segituan. Hargibele, Alba, Harluxe, Argintzu, Okoro, Adi, Lindus, Adartza dira, besteak beste, mendi horiek, eta Aldude haranari gotorleku baten itxura ematen diote.

Abiapuntura itzultzeko, lehenik Korrotako lepora jaitsiko gara, eta bertan bi aukera izango ditugu. Lehena, aurretik igotako bidea errepikatzea; bigarrena, berriz, errepidetik herriraino jaistea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mamadou Ndiaye eta Mamadou Sylla Alaveseko jokalariak, etsita, Betisek gola sartu berritan, atzo, Mendizorrotzan.. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Okerreko bidea hartu du

Eñaut Agirrebengoa

Borja Iglesiasek amaieran sarturiko gol batek punturik gabe utzi du Alaves etxean, Betisen kontrako partidan. Itxura lehiakorra eman arren, golari bizkarra emanda dabil oraindik ere

 ©JON URBE / @FOKU

Behetik gora dator

Mikel O. Iribar

Lasok 8-22 irabazi dio Jakari, lau eta erdikoan, Tolosan, eta finalerdietara sailkatzeko aukerekin jarraitzen du. Jaka txapelketatik at geratu da

 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Ezberdina izatea ez da erraza; ez da inoiz izango»

Haritz Gallastegi

Denboraldia amaitutakoan egingo diren hauteskundeen itzalpean egingo da Athleticeko bazkide konpromisarioen batzarra, larunbatean. Aitor Elizegi buru duen zuzendaritzak aurrekontuak onartzea du xede.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.