andoni egana
HITZ ETZANAK

Biraoak

2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Ariketa jolastia da.Joxerra Garzia sumatu izan dut ikastaroetan praktikan jartzen. Eta egunerokoan, berriz, Antton Olariaga. Zerrenda batean, multzoa adierazten duten hitzak ipini: pila, zaku, mordo, ontzi, brick... Pareko beste zerrenda batean nazkagarritzat dauzkagun isuriak: baba, lerde, zorne, muki... Bi zerrendak nahaste hutsetik sekulako irain pila lortuko dugu, inori esan eta min emateko modukoak: lerdezaku, babamordo, zorneontzi, lerdemordo, mukizaku, zornebrick, babontzi...

Adibide soila zen. Ez gurea delako soilik; ez zaharra delako bakarrik. Hizkuntzaz kanpoko faktoreak garrantzitsuak dira, baina hizkuntzaren baitatik abiatuta soilik lor daiteke gozamena. Eta euskarak hitz elkarketarako berezko erraztasuna eskaintzen duenez, zergatik ez hori baliatzen irakatsi gure ume eta gaztetxoei? Mihia aski zorrotz sentitzen duten hizkuntzan arituko dira...

Poz eman dit Udaltop jardunaldietan Iñaki Biain Irungo berritzeguneko hizkuntza normalizaziorako aholkulariak esanak. Ikasleei euskaraz komunikatzeko konpetentzia bere osotasunean transmititu behar omen zaie. Premiazkotzat jotzen du ikasgelan erregistro guztiak sartzea. Baita biraoak euskaraz nola esan irakastea ere. Bat nator. Txostenen aroa gainditu, eta eztenen sasoian gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.