Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Gaztearen bidetik

2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Behin eta berriz errepikatzen dugu telebista ez dela soilik egongelaren ertz batean sofaz inguratuta izaten dugun —izaten genuen?— traste hori. Telebistaz ari garenean, ezinbestean aritu behar dugula streaming plataformez, ordenagailuan kontsumitzeko sortzen diren edukiez eta, nola ez, baita sakelako telefonoan ikusteko —baina modu jarraituan— egiten diren bideoez ere. Behin eta berriz esaten dugu, bai, baina lerro hauek betetzea egokitzen zaigun aldiro, ohiko kateen programazioari begiratzen diogu batez ere.

Hala igaro da, oharkabean kasik, Gaztea irratiak azken urtean egin duen ahalegin nabarmena. Jatorriz irratia badira ere, bada denbora ikus-entzunezko lanak egin eta Interneten zabaltzen dituztela. Baina azken hilabeteetan areagotu egin da joera. Ez dira irratirako egiten duten hori bideoz jasotzera mugatzen; sarerako propio prestatutako eduki asko egiten dute: elkarrizketak, kontzertuak, ekitaldien jarraipenak; euskarri bakoitzerako —Youtube, Facebook, Instagram— propio egokituta. BBK Live jaialdiaren jarraipena da adibide arestikoena. Estilo polemiko bezain arrakastatsuarekin —freskoa, arina, nazioarteko eta Espainiako erreferentziaz josia—, baina arriskutsua den hutsunea hasi dira betetzen. Telebistako lankideei (beste estilo eta eduki mota batekin) jarraitu behar luketen bidea zein den erakutsi diete.

EITBtik kanpo bada ahalegina egin duenik: Argia, Hamaika Telebista, websailak. Eta 2deo eta gisako ekimenek eskaintzen duten finantzaketaren bidez, sareko edukien ekoizpena ugarituko da datozen hilabeteetan. Baina ikus-entzunezkoak sakelakoan kontsumitzen ditugu gaur, eta euskarazko eduki gutxi(egi) dago sarean horretarako. Are gutxiago behar lukeen bezain eskuragarri: sare sozial guztietan, atal laburretan banatuta, nabarmen; erraz kontsumitu eta zabaltzeko moduan. Telebista ez da soilik egongelaren ertz batean sofaz inguratuta izaten dugun —izaten genuen?— traste hori. Baina ETBk jarraitzen du euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizle nagusia izaten. Gehiago izan zitezkeen arren, beste inor baino baliabide gehiagoren jabe. Ardura kontua da —Gazteak bezala— telebista ez ezik sakelakoak, Instagram, Youtube eta behar diren guztiak elikatzea. Baita (ohiko) telebistak ikusle gehiago pilatzeko gakoa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.