Onintza Enbeita.
BIRA

Ardura

2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Norbait besarkatu duzula onartzen baduzu, arduragabea zara; baita hilabete bi etxetik atera gabe egon bazarete ere besarkadaren errudunak. Terrazan eseri diren guztiak arduragabeak dira. Etxetik behar den baino gehiago atera direnak arduragabeak dira. Hori bai, jakin nahi nuke nork erabaki duen zenbat aldiz den gehiegi etxetik ateratzeko. Senideren bat ikustera joan direnak arduragabeak dira. Umeekin batera atera diren gurasoak arduragabeak dira. Duela astebete, eguneroko paseoan, euren herriko muga pasatu zutenak arduragabeak ziren. Orain, ordea, arauak betetzen dituzte. Dendako, azokako edo dena delako ilaran marra baino apur bat aurrerago bazaude, arduragabea zara.

Eta egunero lanera joan bazara, ala behartu zaituztelako? Eta uztailean bozkatzera bazoaz? Eta uztailean bozkatu ahal izateko txapuza hau egin baduzu? Eta jendea nahastu baino ez baduzu egin, zure interesen defentsan, zentzurik ez duten fase berriak asmatuz?

Guztiok daukagu ardura koronabirusa behar baino gehiago heda ez dadin. Baina kontuz: herritarrok ez dugu birusa sortu, eta ez dugu haren hedapena gelditzeko hartu beharreko neurrietan eskumenik izan. Beraz, nik herritar moduan dagokidan ardura hartuko dut, baina gobernuek, sailburuek, ministroek eta lehendakariek ere har ditzatela eurenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.