EKOGRAFIAK

'VXM, Vascos por el mundo'

Miren Manias -

2018ko uztailak 20
Zerk egiten du telebista saio bat euskaldun? Garbi daukat: jatorrizko hizkuntzak. Alegia, euskarak. Iragan neguan, ikerketa elkarrizketa batzuk egiten nenbilela, parte hartzaile batek eztabaida bera mahaigaineratu zuen eskoziar gaelikoz emititzen duen BBC Alba kateaz. «Zer da saio gaeliko bat?», itaundu zuen. Hizkuntza minorizatuan ekoiztea derrigorrezkoa da diru publikoz finantzatzen den kate horrentzat, baina kasu askotan gonbidatuek ez dute gaelikoa menderatzen eta ingelesez normal aritzeko eskatzen diete. Ondotik, bikoizketarik nahiz azpititulurik gabe ematen dituzte haien adierazpenak. Justuki, gaelikoarekin egiten ez dutena; izan ere, ingelesezko azpitituluak erabiltzea norma da BBC Albaren saio gehienetan —haur eta kirol programetan izan ezik—.

Jakin badakit ohi baino zailagoa dela hizkuntza (minorizatuak) dakiten elkarrizketatuak aurkitzea, Eskoziako populazioaren %1ek soilik hitz egiten duelako gaelikoa: 57.600 lagunek. Dena den, hiztun komunitate horrekiko begirune falta iruditzen zait, ingelesa erabiltzen den kasuetan gaelikozko azpititulurik ez eskaintzea. Ez da ahaztu behar dagoeneko Eskoziak baduela ingelesezko BBC Scotland katea; ezta ere BBC Albaren estatutuetan jasotzen dela gaelikoa menderatzen duen audientziaz harago heldu behar dutela haien edukiek. Hor da koska. Izan al daiteke telebista saio gaelikoa beste hizkuntza hegemonikoaren erabilera nagusi denean?

Asteazkenean ikusi nuen ETB2ko VXM, Vascos por el mundo saio berria. Balira (Indonesia) bidaiatzeko gogo izugarria piztu zitzaidan, alde handia baita Glasgown (Eskozia) dugun eguraldi eskasarekin. Antzak ere ikusi nituen, bietan dago euskal herritarren komunitate handia. Herritar diot euskararik apenas erabili zutelako gonbidatuek; agur, kaixo eta eskerrik asko kasurako. Jakina, ETB2ko audientziarentzat eginiko programa da. Saioaren ideia ez da originala, horregatik, galdetuko nioke ETBko zuzendariari ea zergatik ez duten egin saio bera euskaraz, ETB1en emateko. Gutxienez, zerbait berria gehitzeko. Ohi baino zailagoa izan liteke euskaldunak aurkitzea munduan, baina, tira, dena da ahalegin kontua. Ekonomikoa nahiago baduzue; diot nik errentagarriagoa zaiola ETB2rako ekoiztea? Pena da; erraz sinistu daiteke TVEren produkzioa dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna