andoni egana
HITZ ETZANAK

Ifrentzutik

2020ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
2008ko krisiaren hasera samarrean, serio ari ginen lagunartean lanik ezak sor zitzakeen arazoez. Xaprek, niniak iltze-buru eta irribarrea gondola, hitza hartu zuen arte. Ezagutzen genuenok bagenekien handiren bat zetorrela. «Etzekiat nik jendea zergatik kexatzen den hainbeste. Krisi hau pixka-pixka bat luzatzen bada, gehiago lanik egin gabe jubilatu behar diat nik!».

Umoreak ez du akaso mundua aldatzeko balio izango, baina aldatu ezinak sortzen digun mina goxatzeko ukendu ezin hobea da. Aurtengo sanferminak bertan behera geratu direla jakin orduko gure pantailetara iritsi den meme-ak ez du parekorik. Zezenak Iruñeko kaleetan patxada ederrean, etxeetako leiho eta balkoietara begira, eta hitzak: «Aurten guri tokatzen zaigu entzierroez gozatzea». Animaliazaleenaren diskurtsorik bipilena baino eraginkorragoa.

Egoera honen bitxiak edonori eskaintzen dio heldulekua. Hamalau urte eta bi hilabete dituen gaztetxoa, ez du aitortuko, baina pozik dago. Gurasoen eskutik irten baino nahiago etxean geratu; ogitara ere autoz joaten denak pozik entzun du garraio publikoa baino seguruagoa dela norbere kotxea; erretzaileok txoratzen gaude. Nikotina birusari aurre egiteko lagungarri omen da... Nola hartzen diren izaten dira gauzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.