andoni egana
HITZ ETZANAK

Antzua

2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
«Ez egin sekula kosk jaten ematen dizun eskuari». «Umeak, txakurrak bezala, mesede egiten dietenengana hurbiltzen dira». «Arbola onak, gerizpe hobea»... Ez dira gutxi giza harremanak transakzio eta interesetan soilik oinarritzen direla azaltzen diguten esaerak. Berririk nahi baduzue, azkenaldian behin baino gehiagotan entzun dugun bat: «Harreman hori eten dut, ez zidalako ezer aportatzen». Eta zaharretan zaharra: «Zu baino hobea da behi antzua ukuiluan».

Pobrea hitzak, erroan, antzua esan nahi du. Emankorra ez den lursail edo pertsona. Eta emankor ez dena ez zaio, nonbait, inori interesatzen. Inoiz edo behin kontatu izan dut. Duela hamar bat urte Orioko bertso-udalekuetan prestatu dute «beldur-gaua». Begiraleen adiskide bat jantzi da zarpail eta ilundu ondoren hasi da haurrak zeuden baserriari jiraka. Ikusi dute leihotik. Eta izutu dira haurrak. Baina egin zuten ikara-oihua ez zen «lapur bat!» edo «gaizkile bat!» izan. «Pobre bat!» «pobre bat!» hasi ziren garrasika.

Lehen ere bazen pobreak ez ikustearen hori. Orain, ordea, ezin ikusira egin dugu urratsa. «Aporofobia» deitzen omen zaio. Eta, jakina, gaitz bat da, inork uste baino larriagoa. Goazen martxan, aporofobia duten gehien-gehienek ezin izango baitiote ispiluari begiratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.