Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Eta zinema, zer?

2020ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Telesailez aritzen naiz ia beti zutabe honetan, hori baita azkenaldian gehien ikusten dudana, eta baita nire arreta indartsuen erakartzen duena ere. Behin aipatu nizuen, gainera, telesailak irensteko behar ia obsesibo horrek irakurketa alde batera uztera eraman ninduela —joera apur bat geratu badut ere, antzera jarraitzen dut gaur egun oraindik—. Moda berri horrek, ordea, badu beste albo kalte bat ere, eta, kasu honetan, biktima zinema da, filmak, hain zuzen ere.

Telesailak ikus-entzunezkoen fast food-a direla esan dezakegu; egunkari honetan bere errezeta goxoak proposatzen dizkigun Iker Markinez sukaldariak ondo dioen moduan, ordea, fast food-ak ez du zertan txarra izan. Hau da, telesailak kontsumo azkarreko produktua dira. Afaltzean atal bat jarri, eta badakigu hogei eta 50 minutu artean beharko ditugula atal bat ikusteko. Amaitzean, beste bat ikusi nahiko bagenu, unean bertan erabaki dezakegu hurrengoari ekin edo ez. Saioa bere horretan utziko bagenu, aldiz, ez genuke ezer erdizka uztearen sentsaziorik izango. Filmen kasuan ez da gauza bera gertatzen. Afaria mahaian jarri eta film bat ikusi nahi badugu, eta azken urteetako joera kezkagarri baten ondorioz, badakigu bizpahiru ordu beharko ditugula hasten dugun pieza hori amaitzeko. Hori ere bada gaur egun telesailak bilakatzen ari diren eta guztia irensten duen zulo beltz erraldoi horren agerpenaren arrazoi.

Jateko orduan gauzak denbora hartuz eta gozatuz kontsumitzeko ohitura galtzen ari den bezala, gauza berbera gertatzen ari da ikus-entzunezko edukien kontsumoarekin. Azkar eta orain nahi ditugu gauzak, eta zalantzarik ez dut: jarrera hori bizi dugun gizarte eta sistemaren ondorioa besterik ez da. Horregatik, eta ni neu ere joko horretan sartu banaiz ere, zinema aldarrikatu nahiko nuke. Gure aisialdiaren ehuneko handi bat hartzen duten streaming plataformen artean, badelako bat bere arretaren zatirik handiena zineman jartzen duena. Bai, Filminez ari naiz.

Asteburuan, aspaldiko partez sartu nintzen Kataluniako enpresa aplikazioan. Igande gauerako, hiru film ikusteko aukera izan nuen. Skin, Gentlemen eta Quadrophenia aukeratu nituen, eta aniztasun horretan ikaragarri gozatu nuen. Hainbeste, ezen telesailak apur bat utzi, eta zinema berrartzea erabaki baitut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.