Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Fikzioaren errealitatea (I)

2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Aurtengo udazkenean ETB1en ikusiko dugun telesail bat izan nuen aipagai atzoko zutabean, Hondar Ahoak. Ez da, alabaina, ETB1ek udazken honetan estreinatuko duen fikziozko telesail bakarra, Alardea ere emango baitu, David Perez Sañudok zuzendua, aktore nagusi Itziar Ituño, Klara Badiola, Carmen Climent, Iñigo Aranburu, Kandido Uranga eta German Alkarazu dituela. Lau atal izango ditu Alardea-k ere, Hondar Ahoak-ek bezala. Emakume batzuek beren herriko jaietako alardean parte hartzeko eskubidearen alde daramaten borroka izango da argumentuaren ardatza. Aise igar daiteke nongo kontuetan duen oinarria.

Launa ataleko bi telesail horiekin batera, Go!azen telesailaren zortzigarren denboraldiak osatuko du euskaraz sortutako fikzio berriaren eskaintza ETB1en aurtengo udazkenean. Eta aurrerago ere izango omen da euskarazko beste telesail bat, 2020-2021 denboraldiaren barnean.

Gutxi da? Asko da? Aski da? Ez dakit. Espero zitekeena baino gehiago bai beharbada, baina asko ez dut uste, are gutxiago aski. Baina, eztabaida hori alde batera utzita, nik behintzat euskaraz sortutako telesailekin batera itzulitakoak ere ikusi nahi nituzke, azpidatziak besterik ezean, bikoiztutakoak ahal bada. Eta arlo horretan hutsune handia dago aspaldidanik, nire ustez, ETB1en. Siderala. Benetako zulo beltza.

Literaturaren arloan hiru hamarkada daramagu entzuten—gure idazle estimatu, goretsi eta ospetsuenek hala esanda, gainera— literatur itzulpengintzan sekulako lana egiten ari dela, asko aurreratu dela, eta lan horrek bideak ireki dizkiola euskaraz sortutako literaturari, azken batean euskarara itzulitako literatura ere euskal literaturaren parte baita (erdaratik euskarara itzulitakoa ez bezala, bide batez esanda).

Ikus-entzunezko fikzioari dagokionez, aldiz, euskararako itzulpengintza erabat abandonatuta dago, azpidatzitakoa ikusleentzat neketsuegia eta bikoiztutakoa ekoizleentzat garestiegia dela argudiatuta. Ez dira argudio hutsalak, baina gaur eta hemen fikzioaren errealitatea oso gordina da euskararentzat, eta azpidatzitako edo bikoiztutako fikziorik ezean euskaraz kontsumitutako fikzioak uharte nimiñoa izaten jarraituko du erdarazkoaren kontinente mugagabearen ondoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.