Sua eta ura, belaunetik behera

1 Formulan Halo sistema erabiltzen hasi zenetik, pilotuek kritikatu egin dute, baina igandean bizia salbatu zion Romain Grosjeani. Arlo horretan, Nazioarteko Federazioak badu zer hobetua oraindik.

Romain Grosjeanen autoa sutan, igandean. KAMRAN JEBREILI / EFE.
Laurentzi Garmendia
2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Joan den igandean, Romain Grosjeanek bere kirol ibilbideko istripurik larriena izan zuen Bahraingo zirkuituan. 28 segundoz erregai sugarren artean egon ostean, haren kabuz ihes egitea lortu zuen, zauri arinekin. Halo sistemari esker salbatu zela adierazi zuen, eta ordura arte beharrezkoa ez zela uste zuen babesaren eraginkortasuna onartu. Txalotzekoa izan zen segurtasun arloan egindako lana, baina 1 Formulari ez lokartzeko deia era bada.

Sari Nagusietako Gidarien Elkarteko presidenteetako bat da Romain Grosjean. Beste biak Sebastian Vettel eta Alexander Wurz dira. Elkarte horrek gidarien interesak biltzen ditu, gai jakin batzuen aurrean negoziatzeko eta jarrera erakusteko. Aspaldi ez du adierazpenik egin, ezta jakinarazpen ofizialik zabaldu ere. Arazorik ezean, zeregin gutxi duen elkartea bilakatu da zoritxarrez. Stirling Moss izan zen haren lehen arduraduna, 1961ean, baina 1982an desagertu egin zen. Ratzemberger eta Senna 1994an hil zirenean, elkartea berriro eratu zuten Niki Laudak, Michael Schumacherrek eta Gerhard Bergerrek, gidarien segurtasunean bultzada bat emateko asmoarekin.

Kontraesanezkoa dirudi egungo GPDAko presidenteetako batek Halo babesaren aurka egitea. Lehen aldiz ikusi, eta autoen itxura traketsa barneratu ondoren, sistema behar beharrezkoa bilakatu da.

Titaniozko hiru barraz osatuta dago, eta aurrealdetik, pilotuak burua jartzeko duen lekura luzatzen da. Helburua pilotua babestea da, burua batez ere. Asko dira dageneko Halo sistema darabilten kategorietan zauri larriak ekidin dituzten gidariak. Gainera, igandeko istripuan modu ezohikoan babestu zuen gidaria, burdinazko hesien artean zuloa egin eta talkaren bortizkeria murriztu zuelako. Horri esker, Grosjeanek ez zuen konortea galdu, eta hori ere gakoa izan zen onik ateratzeko. Haren kabuz atera ahal izan ez balu, oso zaila izango zen halako sutea gutxitzea eta harengana gerturatzea. Hasieran, hala ere, pilotuek kritikatu egin zuten sistema. Salatu zuten ikusgaitasuna gutxitzen ziela, eta bakarrik aurrez aurreko kolpeen zein objektu edo pieza handien aurrean babesten zituela; ez, ordea, txikiagoen aurrean. Igandekoarekin badirudi eztabaida amaitu dela.

Zorionekoa izan zen, halaber, Grosjean, aurten FIAk lasterketa jantziek su hartzean duten erresistentzia handitu duelako. 20 segundo iraun behar dute halako egoeran, eta iaz hamar segundo. Ondorioz, jantziak gramo batzuk astunagoak dira orain. Eskularruetan, ordea, gidariek sentsibilitate maila altua nahi dute, bolanteari behar bezala heldu eta haren bitartez autoak transmititzen duen erantzuna sentitzeko. Hori dela eta, Grosjeanek eskuetan ditu erredura gehienak. Horrez gain, oinetako bat galdu zuen istripuan, eta hura gabe irten zen autotik. Bolantea ere bere lekutik atera zen, istripuaren ondorioz.

Baina ongi erantzun zuten sistemek ezin dituzte ezkutatu gaizki egindakoak. Nazioarteko Federazioak azterketa sakon bat abiatu du sistema hobetzeko. Eta zer hobetu behar dute? Bada, lehenik eta behin, zirkuituen segurtasuna. Istripuak ezin dira ekidin, baina ezin da ulertu Bahrainen hesiaren aurrean talka txikitzeko elementurik jarri ez izana. Talkaren indarrak autoa bitan banatu zuen, eta txinpartaren batek piztu zuen sutea. Zorionez, autoak hesian zuloa egin eta beste aldera igaro bazen ere, posible zen hesian bertan trabatua gelditzea, gidariaren irteera oztopatuz. Grosjean hiru aldiz saiatu zen autotik irteten, eta horrek erakusten du ez dela lan erraza.

Komisarioek ere ez zuten oso argi nola erreakzionatu halako sute baten aurrean. Ez da harritzekoa. Azken urteetan FIAk pistako komisarioen lana profesionalizatu nahi izan du, eta talde egonkorra osatuz joan da, zirkuitu guztietara bidaiatuz. Pandemiak behartuta, ordea, eten egin da lan egiteko modu hori, eta tokian tokiko komisarioek betetzen dute zeregina. Bahrainen urtean oso lasterketa gutxi antolatzen dituzte, komisarioen prestaketaetenez. Are kezkagarriagoa da azken hiru lasterketetan izan diren arrisku egoerak. Imolan komisarioek pista zeharkatu zuten George Russellen autoak istripua izan zuen gunean, lasterketan zeuden autoengandik oso gertu. Turkiako sailkatze saioaren bigarren zatia hasi zenean, garabi bat zegoen oraindik Nicholas Latifiren autoa erretiratzen. Jules Bianchi garabi baten kontra hartutako kolpe baten ondorioz hil zen, 2015ean. Igandean bertan, Sergio Perezen motorrak pott egin zuenean, beste komisario batek pista zeharkatu zuen Lando Norrisen aurrean. Tankera horretako arrisku egoera gehiegi gertatzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.