IRLEN SAREA

Nabigazio errituala

Gorka Julio -

2019ko maiatzak 4
Nabigatzaileak izan dira urte askotan webera sarrera garrantzitsuena eta beraien bidez nabigatu izan dugu sarean nagusiki. Nabigatzaileek paper garrantzitsua izaten jarraitzen duten arren, sakelakoen orokortzearen ondorioz, orain birdefinitzen ari da. Baina inoiz baino garrantzitsuagoak izan daitezke.

Zerbitzu zentralizatu handiek lehenik eta sakelako aplikazioek eskaintzen duten esperientzia mugatuak bigarrenik, web surfing-a edo nabigazioarekin amaitu zuten. Erabaki tekniko edo diseinuzkoei lotu diezaiokegu joera hori: jendeak zerbitzu edo aplikazio bakar batean gauzak eskuratzeko aukera izateari, gertukoen gomendioak emaniko informazioa jasotzea errazagoa delako edota zenbait kasutan nahi dugun (edo nahi genuela ez genekien) informazioa automatikoki jasotzearen erosotasuna.

Webak hiperesteka du oinarri, edozeinek sarean dagoen beste web edo baliabide bat (edozein dela hau) lotzeko askatasuna du, alegia. Maila berean daude informazio webgune bat, webgune pertsonal bat, bideo edo irudi bat edota Wikipediako edozein artikulu. Denek dute URL helbide bat, denek dute beraienganako bide markatu bat. Orain gutxiago gertatzen den arren, zerbait bilatzen ari garenean webgune batean hasi eta bukatzen duzun webgunera nola iritsi zaren ez jakitea ohikoa izan da. Lehen hori ohikoagoa zen eta bidean gauza berriak, espero gabekoak, topatzen zenituen. Ausak toki bat zuen; orain, aldiz, ziurgabetasuna minimora eramaten saiatzen gara, bidean aplikazio edo zerbitzuek eskaintzen digutenera mugatuz: Egin klik hemen, jakinarazpen hau jaso edo tori hau gaur irakurri beharko zenukeena...

Nabigazioa, baina, beti izan da arte bat: itsasoan bezala, baita sarean ere. Ariketa iraultzaile bat proposatu nahi dizuet, izaera magikoa edo errituala izan dezakeena. Hiperesteken unibertsoan murgildu, loturaz lotura salto eginez, gauza berriak topatuz eta non hasi eta, espero gabe, non bukatu zenuen elkarri kontatuz. Horren bertsio eramangarriago bat Wikipediako artikuluetan zehar soilik nabigatzea litzateke. Egindako bideari begiratuz, bidean ikusitakoa edo ikasitakoa gogoratuz kontzienteki.

Irudimena eta etorkizun irekiagoak lantzeko aukera ematen du ariketak. Nabigatzailea, weberako sarbide askeena dena aldarrikatuz, aldi berean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna