Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Kapitala telebistan

2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Koronabirusak inguratuta izeneko erreportaje berezia eman zuen ETB1ek asteazken gauean. Klaudio Landa telebista aurkezleak gidatu zituen hainbat adituri egindako elkarrizketak eta egunerokoan biziditugun aldaketen gaineko testigantza desberdinak. Besteak beste, Miren Basaras EHUko mikrobiologoarenak, Ana Iruretagoiena psikologoarenak eta Jabier Yanguas gerontologoarenak. Kalera ere irten zen Landaren lantaldea, bizi dugun alarma egoera irudietan hartzeko eta aztertzeko. Tartean, gaixoak, adineko pertsonak, haurrak dituzten familiak... bisitatu zituzten. Okindegi batean eta supermerkatuan ere izan ziren.

Konfinatuta daramatzadan egunetan, jada, gazteleraz hamar aldiz ikusi dudan informazio bera eman zuen ETB1eko tarteak. Areago, ETBko beste saio batzuetan dagoeneko ezin konta ahala alditan agertu diren pertsona berak elkarrizketatu zituzten. Miren Basaras EHUko aditua, kasurako. Elementu berritzailerik bakarrenetako bat, erabilitako hizkuntza izan zen. Euskara.

Bat nator ETB1eko Ur handitan saioaren aurkezleak berriki sare sozialetan esandakoarekin: «Komunikabide batzuk audientzia datu oso onak lortzen ari dira... Interes handia dago. Denborarekin aterako ditugu ondorioak, eta ikusiko dugu, etxean bakartuta geundenean nor aukeratu genuen informatuta egoteko, baina audientzia datu horiek ospatzeko garaia ez dela uste dut».

ETBk, ordea, ez du gauza bera pentsatzen. Bere Twiterreko kontuan sartu besterik ez duzue —@euskaltelebista—, ikusteko nola ospatzen ari diren astelehen gauean ETB2ko El Conquis saioak lortutako %24ko ikusle kuota. Baita «2014 urteaz geroztik gehien ikusi den atala» izan zela ere. Beste datu bat: lerro hauek idatzi aurreko 24 orduetan, gaztelerazko reality show-ari lotutako 27 txio bota ditu gutxienez ETBk. Asteazkenean ETB1en emandako erreportaje bereziari buruz, aldiz, bakarra. Areago, astelehenekoa gutxi balitz bezala, El conquis-en beste atal bat eman zuen gure telebista publikoak Landaren erreportajearen ordu berean. Zergatik?

Agerikoa da ETBren helburua. Izan ere, Euskal Aktoreen Batasunak salatu berri ditu erakundearen presioak «albistegietakoak ez diren zenbait saioren» ekoizpena ez eteteko, «langileen osasuna eta bizia arriskuan jarriz». Bizitza versus kapitala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.