Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

'The Show Must Go On'

2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Ez dira garai errazak lanerako. Ez du axola zure lana zein den, egoera honek guztion egunerokotasuna irauli du. Telebistan ere gauza berbera gertatu da, eta topatutako irtenbideak askotarikoak izan dira. ETB1 kateari erreparatuz gero, irtenbide horien guztien laburpen bikain bat ikus dezakegu, katez aldatu ere egin gabe.

Lehenbizi, saihetsezina bezain eraginkorra den saioen errepikapenari ekin diote. Irtenbide logikoena da, eta ondo deritzot. Arazoa da, normalean zenbat errepikatzen duten konturatzeko ere balio duela. Bigarrenik, bizi dugun egoerarekin harremanetan dagoen eguneroko plato saio bat jarri dute prime timean: Eztabaidan. Atsegin dut Klaudio, profesional bikaina iruditu zait beti, eta badu zerbait oso jende gutxik duena: edozer gauza aurkeztu dezake. Bere hasieren eta gaur egun egiten ari denaren artean, telebistaren saio aukera osoa dagoela esan liteke. Hala ere, eta gezurra badirudi ere, ETBk gaitasun hori ere bere kontra erabili du (ETBk ere baditu superbotereak). Duela gutxi, ETB2ko arratsaldeetako errege izatetik kendu, eta hainbat kolaboratzailerekin hasi zuen inprobisazio saio bat egun batetik bestera. Eta ordutegi edo izenik aldatu gabe, lehiaketa batean bilakatu izana gutxi izan balitz (ez dakit horrelakorik ezagutu duen inork munduko beste telebista batean), orain, lehoietara bota dute asperdura amaigabe honen garaian, guztiaz eta ezerezaz eztabaidatzeko —aurrekoan ezkontzeko garai ona ote den eztabaidatzen ari ziren—. Badirudi, ETBko eraikinaren goiko solairuetan badela Klaudio erre nahi duen norbait. Ez dakit, ordea, norekin ari den badakien. Klaudio Landa suaren kontrakoa da, eta honetatik ere aterako da: ez dut zalantzarik.

Eta amaitzeko, bizi dugun egoera honi hirugarren irtenbidea, saioak etxetik egitea izan da —horretaz hitz egin nahi nizuen gaurkoan hasiera batean, nahiz eta Klaudio Landaren aldarrikapen bat egiten amaitu dudan—. Gaur, lehen aldiz, etxetik egingo dute ETB1eko Gure Kasa saioa; asteartean, bigarren aldiz, etxetik egin zuten Ur handitan. Horrez gain, Berria telebista ere Etxeko leihotik saioa eskaintzen ari da. Tokiko kateei begi bat botaz gero, haiek ere konponbide berbera topatu dutela frogatu ahal izango duzue. Pandemia garaian ere, beraz, txouak aurrera jarraitu behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.