Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Ze nezesidade!

2020ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Astelehenean, Txagorritxu eta Basurtu ospitaleetako bi agerraldiak zirela eta, gaueko Teleberri piztu nuen. Hamalau kutsatu berri daude, Osakidetza «alerta» egoeran, eta murriztu egin dituzte bisitak Basurtun. Zaila egin zitzaidan ulertzea, bizi dugun egoera larrian, gaztelerazko kate publikoak landutako gaien zerrenda, horien ordena eta bakoitzari eskainitako denbora. Bereziki izenburuetan, non ikuslearen arreta handiena den.

Agerraldiekin zabaldu zuten. Bakartu egin dituzte kutsatutakoak, eta agerraldien jatorriak aztertzen ari dira. Hori guztia Hego Euskal Herriko konfinamendua arintzeko hirugarren fasearen estreinaldian gertatu zen. Hain justu, albistegiko izenburuen bigarren gaia izan zen; bigarren minutuan, hiru hilabeteren ondoren, senideen elkar aurkitzeen irudiekin. Kalean hartutako irudietatik taberna barnera salto egin zuten. Izan ere, barran jesarri eta zerbait hartzeko baimena dago astelehenetik. Aurkezlearen arabera, hainbat ohitura berreskuratuko ditugu, baina egoera ez da berdina izango esparru askotan. Horregatik, astean, zenbait sektoreri begira jarriko dira, hainbat adituren laguntzaz.

Hirugarren izenburua Ignacio Ellakuria jesuitaren hilketaren gaineko epaiketa izan zen. Laugarrena, Juan Carlos Borboikoaren ustezko ustelkeria. Madriletik Kataluniara jauzi egin zuen Teleberri-k, mossoen buru izandakoari fiskaltzak egindako hamar urteko zigor eskaerara. Azkenik, AEBetara, George Floyden hil kaperara. Poliziaren jarduera berraztertzeko legea proposatu du Alderdi Demokratak.

Bost minuturen ondoren, Donostiako auzia ekarri zuten izenburuetara. Zubieta kalekoak etxera itzuli direla azpimarratzeko. «Metroko lanak etenda daude eta, gutxienez, horrela jarraituko dute hilabetez». Guztira, 13 segundo eskaini zizkioten, etxetik alde egin behar izan zuten lagunen egoeraz ezer esan gabe. Azkenik, kulturari erreparatu zioten, Donostiako Viktoria Eugenia antzokia berriro zabalduko duten bi ikuskizunak aipatuz. Horri, 29 segundo.

Kirol izenburuekin albistegiaren 8. minutura iritsi ginen. Ba, 13. minutuan, Juan Carlos Borboikoari heldu zioten: 13:11tik 15:57ra, eta 17:15era bitartean, gero, haren seme Felipe Borboikoaren eguneko ekintzei. Guztira, lau minutu. Ze nezesidade!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.