Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Bizi txarra

2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Derrigorrezko amateurismoaz aritu nintzen aurrekoan txoko honetan, eta berriz ere gaiari heldu nahiko nioke, ikus-entzunezko gerrillarion artean erreferente izan den web telesail bat Ekografiak hauetara ekarriz: Malviviendo.

Malviviendo David Sainz kanariarrak sortutako proiektu batx izan zen. Sevillara joan zen ikus-entzunezkoetan trebatzera, eta han jaio zen, 2008an, sekula Espainiar Estatuan ikustaldi gehien izan dituen web telesaila. Malviviendo auzo marjinal batean gertatzen den umore kutsuko telesaila dugu. Droga eta estutasun artean bizi den gazte kuadrilla baten gorabeherak kontatzen dizkigu, eta, nahiz eta oso baliabide urriekin ekoiztu, emaitza erabat profesionala da. Bai teknikoki, eta baita eduki aldetik ere (introak ikuste hutsa merezi du).

Garai hartan, ez zegoen sare sozialik, eta web telesaila ahoz aho zabaldu zela esan dezakegu. Fenomeno ikaragarria izan zen, eta, halako batean, pentsarazi zigun iraultza etorriko zela beraiekin ikus-entzunezkoetara. Ez zen halakorik gertatu, ordea. Izaera handiko lehen atal korrosibo batzuen ostean, Nokiaren mezenasgo proiektu bat sartu zen tartean. Ulertzekoa den moduan, Sainz eta konpainiak gustura hartu zuten dirua, Malviviendo horretarako sortu baitzen. Ez dakit norena izan zen errua, baina egun hartatik, nabarmen behera egin zuen. Hasieratik telesaila ikusten zuten askok lantaldearen aurka egin zuten orduan. Traidore eta saldu izan ziren entzun zituzten hitzik ederrenak.

Malviviendo amaitu zen, 30 atal ekoiztera iritsi ziren, eta zorakeria hura martxan jarri zuten askok industrian lekutxo bat egin zuen. Haien artean ezagunen egin dena David Sainz bera izan da. Bere kabuz, Malviviendo itxurako proiektuak garatzen jarraitu du bere denbora librean, baina bere eguneroa TVEren atal digitalaren inguruan ematen du gaur egun. Beste batzuen artean, arrakasta dezente izan zuen Mambo web telesailaren zuzendari eta protagonista izan zen, eta kritika oso onak jaso zituen Parking Karaoke saioa gidatu zuen.

David Sainz kontuan hartzekoa iruditzen zait, eta adibide on bat, bazterretik etorrita industrian leku bat egitea posible dela erakusteko. Nahiz eta batek baino gehiagok saldua zarela esan. Zer zaila den bizi txarra uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.