Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Tranpetan

2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Imajinatu lagun batek joko berri bat erakusten dizula. Itxura ederra du, eta berarekin esertzen zara mahai baten bueltan jokoa jokatzen ikasi eta, aspaldi ez bezala, gozatzeko asmoz. Fitxak taula gainean jarri, eta bakoitzaren izaera eta joko arauak azaltzen hasten zaizu. Hasieran ez duzu ezer ulertzen, baina hori da hain justu erakartzen zaituena. Estetika zein eduki aldetik itxura bikaina du, eta sentsazioa duzu labirinto horretan sartzea mereziko duela. Apurka, jokoa ulertzen zoaz, eta honek jarritako erronka bakoitza ulertu eta barneratzeko gai sentitzeak aurrera jarraitzeko indarra ematen dizu, sari txiki moduan hartzen duzu. Partidaren bi heren jokatu dituzu dagoeneko, eta asko korapilatu da, gehiegi agian. Lagunak oso ondo azaldu eta aurkeztu dizu partidaren zati bakoitza, eta sinetsita zaude azken txanpan korapilo hori guztia askatu eta esperientzia gogoangarri bat bizi behar duzula. Une horretan, ordea, bat-batean, lagunak besoa igarotzen du taula gainetik eta zehaztasun alemaniarrez ezarrita zeuden pieza guztiak lurrera botatzen ditu taula hutsik utziz.

«Ei, tio! Zertan ari haiz?», galdetzen diozu. Mahai azpitik oihalezko poltsa bat atera eta pieza berriak taularatzen hasi da arau berri batzuk errezitatzen dituen bitartean. «Et-et-et-et! Hori tranpa duk!». Laguna tranpetan ari den sentsazioak hartu eta haserretzen hasia zara. Pieza zein arau berriak atera eta atera dabil, baina dagoeneko, zure arreta galdu du. Interesa galdu duzu, baina lehen zatian hain ondo pasa duzu, korapilo berria nola askatzen duen jakin nahi duzula. Beste behin, askatu ezina izateko itxura hartzen ari da, baina, aurrekoan ondo askatu zuenez, ez duzu itxaropena galtzen. Orduan, lotsa izpirik gabe, mahai azpitik ordura arte ikusi ere egin ez duzun pieza erraldoi bat ateratzen du mahai azpitik, taularen erdian jarri eta pieza horrek beste guztiei irabazi eta partida amaitzen duela esaten dizu.

«Brometan ari haiz, ezta?». Ba ez, ez da brometan ari. Horrelaxe sentitu naiz Dark telesail alemaniarraren azken denboraldiarekin. Urteak ziren ez nuela hainbeste gozatzen telesail batekin, eta amaierak zapore gazi-gozoa utzi dit. Are gehiago, hasieratik bertatik hiru denboraldi izango zirela bazekitela jakinda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.