Aritz Erkiaga

Iritsi eta txapela jantzi

Aritz Erkiagak bigarrenez jantzi du zesta-puntako buruz buruko txapela, finalean Imanol Lopezi irabazita. Ispasterkoak nabarmendu du zesta indarra hartzen ari dela, gazteen artean batez ere. «Seinale ona da».

MUNDUKO PILOTA BATZARRA.
Mikel O. Iribar.
2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Kerik saltzen ez duen puntista da Aritz Erkiaga (Ispaster, Bizkaia, 1987). Otzana, teknikoa, langilea, maisua eta askoz gehiago da. Erkiagak 2007an debutatu zuen profesionaletan, eta ordutik urteak daramatza zesta-punta zaleak gozarazten, baita txapelak bata bestearen atzetik irabazten ere. Hain zuzen, azkenengo buruz buruko txapela jantzi zuen ostiralean, Imanol Lopezi 11-12 eta 9-12 irabazita, Berriatuko (Bizkaia) Mendibarren pilotalekuan.

Diziplina horretan bigarrenez nagusitu da Ispasterkoa; 2013an gailendu zen lehendabizikoz. Bi txapelei balio bera ematen die: handia. «Aurrenekoa, Egigurenen aurka markagailua iraultzea lortu nuen, alde handiz galtzen joan ostean; bigarrengoa, berriz, Lopezen moduko aurkari handi bat mendean hartuta lortu dut. Gainera, azken txapelketa honetan, hamalau puntista onenak aritu gara; beste urteetan, AEBetako atea zabalik zegoenez, puntista gutxiago lehiatzen ziren buruz burukoan». Gisa horretara, Lopezek, Juan Ramon Rementeriak eta Julen Bereikuak adina txapel jantzi ditu Erkiagak.

Finaletik egun batzuk igaro diren arren, Erkiagak oraindik barruan darama irabazlearen ajea. Ez da gutxiagorako. «Lortutako garaipenarekin oso pozik nago. Txapela irabazteak ilusio handia egin dit». Halere, zuhurtziaz mintzatu da: «Goikoetxea [Iñaki Osa] egonez gero, ez nuen handirik askorik izango irabazteko». Oro har, txapelketan aurkari «oso gogorrak» izan ditu Erkiagak. «Hasieran, txapelaren borrokan ibiltzeko itxaropen handirik ez nuen. Finalerdietarako sailkatzeko Olharanen aurkako partida galdu banu ere, ezustekorik ez nuen hartuko». Garaipen horri esker, hauspotu egin zen. «Neure buruarengan sinesten hasi nintzen; txapela lortu ahal nuela sinesten». Hain zuzen, Ispasterkoaren arabera, Jokin Arberen kontrako finalerdietako eta Lopezen aurkako finaleko lehiak ez ziren fisikoak izan, «teknikoak baizik, pilotakada gutxikoak. Egindako akatsak garestiago ordaintzen ziren».

Erkiagak azaldu duenez, Mendibarren pilotalekua «ongi» moldatzen zen bere ezaugarrietara. Laburragoa da. «Imanolek indar handia du, eta, frontoi luze batean jokatuta, aukera handiagoa izango zuen irabazteko; laburrean, aldiz, pilotaren gainean neu egoten naiz gehiago Imanol mugiarazteko».

Telebistaz ez du finala ikusi. «Ez zait gustatzen». Hori bai, zeresan handia eman zuen lehen seteko hamabigarren tantoa ikusi du. Epaileek nola, Erkiagak ere «zalantzak» ditu. «Kantxan bertan, pilotak txapatik gora jo zuela ikusi nuen; telebistan, aldiz, mila bider ikusi dudan arren, ez daukat hain garbi». Epaile nagusiak ontzat eman zuen tanto hura, eta lehen seta Ispasterkoarentzat izan zen. Hasi, baina, ez zen ongi hasi. «Ez nengoen urduri, baina tentsioa nabaritu nuen: finala, harmailak lepo, herrikide asko... Sentsazioa daukat partida txarra jokatu nuela. Halere, ezinezkoa da perfekzioz lehiatzea, Lopez aurkari edukita, gainera».

Bigarren seta estu joan zen, harik eta zortzinako berdinketaren ondotik Erkiaga nagusitu zen arte. Gogoeta hau egin du: «Kirol askotan, sakeak du garrantzirik handiena; zesta-puntan, aldiz, errestoan min handiagoa egin dezakezu. Ni Lopez baino hobeto moldatu nintzen alor horretan, eta horregatik irabazi nuen». Ez da garaipenak ospatzen dituen puntista bat. «Beste garaipen baten moduan hartu nuen. Lorpen horrek ez dit bizitza konponduko [barrez]. Pozik nago denboraldia gisa horretara amaitu dudalako». Hain zuzen, uzta oparoa bildu du Erkiagak; Miarritzeko, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) eta Paueko (Okzitania) Grand Slamak Lopezekin batera irabazi ditu, besteak beste. «Emaitza aldetik, sasoirik onena izan da. Bi final ez beste guztiak irabazi ditut». Baina bat jarri dio, dena den. «Joko aldetik, ez dut lortu ikuskizuna ematea. Datorren sasoian, nahiz eta emaitzak agian txarrak izan, ea ikusleak gustura sentiarazten ditudan. Nork irabazi duen baino gehiago, publikoak joko erakustaldia hartzen du gogoan; zesta-puntari hori komeni zaio».

Etxean nahiago

Erkiagak hamabost urte zeramatzan Gabonak Euskal Herrian igaro gabe; Floridan (AEB) ibili da. Dania Jai Alai pilotalekuaren itxieragatik itzuli da. Iraganaz oroitzapen «politak» ditu. «Bizimodu oso ona nuen. Pilotalekuan lagun handi asko egin ditut. Giro oso ona genuen». Dena dela, aho bizarrik gabe mintzatu da. «Etxean oso gustura nago. Euskal herritarrak eguraldiarekin kexatuko dira; niri, behintzat, behe laino eta euri langar hauek gustatzen zaizkit. Eroso sentitzen naiz».

Apurka-apurka, zestaren zarata ozentzen ari da. Puntisten koadroa handitu bakarrik ez, zaleen erantzuna ere «oso ona» izaten ari da, Erkiagak nabarmendu duenez. «Mendibarrenen sekulako giroa izan genuen». Helduak ez ezik, gazteak ere bertaratu ziren. «Zestak orain arte zaletasun handirik sortzen ez duen herrietako jendea ere hasi da pilotalekuetara joaten. Seinale ona da hori. Bestalde, zesta-punta lekua egiten ari da telebistan eta egunkarietan. Horrez gain, Floridakoak Euskal Herriko zirkuituan eragin «positiboa» izan dezakeela uste du. «Egutegia gehiago zabaldu beharko litzateke, zesta ahalik eta jende gehienarengana heltzeko. Puntiston artean lehiakortasuna ere handitu egingo litzateke». Mezu argia ere bota du: «Zestaren aldeko apustua orain egin behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.